GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

EHLG, izena gordez, izaera mamitzeko erronka agerian

Aitorpen bitxia egin du togaz jantzitako lagunak. «Horrelako tokietan batzuetan irabazten da». Bizkarrean dugun Baionako Auzitegiari begira jarri naiz, bere esana baieztatuko duen aztarna bakan baten bila. Poliziek sarrera gordetzen dute. Justizia egiteko sortu zuten egoitza atzo eta gaur justizia gose diren herritarrengandik babesteko, agian.

Abokatuari zer esanik ez, eta irribarre tipia otu zait erantzun onena. Aspaldiko partez jendearen irriñoak nagusitu dira epaitegian. Berrogei segundoz lau urtetan sorbaldetan pilatutako zama arindu da. Horrek soilik merezi du, noski, irriño isila baino, kar-kar harrabotsa.

Minutu erdi, pare bat esaldi, inoiz gertatu behar ez zen auzia amaiera bidean jartzeko.

Euskal Herriko Laborantza Ganberak eta bere lehendakariak ez dutela deliturik egin eta ondorioz, zigorrik ez dutela merezi deliberatu du epaileak.

Zentzuzkoa, eredugarria, txalogarria... Ebazpenak mota guztietako loreak merezi ditu. Ondoan dudan abokatuak auzitegiek ematen dizkiguten berri onak neurrian hartu behar direla azaltzen du, ahopean, sekretuki. Inork ez baitu besta giroa zapuztu nahi.

Irriñoak, txaloak, besarkadak. Pisu bilakatu den erasoari muga ezarri zaiola ospatzeko. Izerdia bota behar izan dute ganberako lagunek garaipenaren kronika gozoa dastatu aitzin. Urteak okertutako lerroak zeharkatzen dituen zuzenbidearen erresuman sarturik, epaitegiz epaitegi, laborariek eratutako etxearen zutabeak zeintzuk diren behin eta berriro azaltzen.

Finean, epaile frantses batek, bere soldata ordaintzen duen Estatuaren beharren araberako logika pitin bat erabilita, denboratik kanpo zegoen auzia indargabetu duen arte.

Behin-behineko garaipena patrikan, lerro artean irakurtzea komeni da. Izenari zein izaerari begiratuta, EHLG eta bere lehendakaria errugabe jo ditu epaileak. Horretarako arrazoi sinplea eman du. Chambre d' Agriculture izena duen egitura da erakunde bakarra. Tronpatzekorik ez da... Frantziako erakundeek frantsesez soilik aurkezten dutelako bere burua!

Herri honen izena eta izaera errespetatuko dituzten erakundeak sortzeko gonbita argiago nekez atzeman daiteke. Justiziak agintzen duen bidea, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo