Julen MURGOITIO
Errepidea erretzen
Hara! Hori bai jende pila ilaran jarrita! Zer demontre izango! Hauteskundeak berriro ala? Eta ni enteratu barik! Hain gutxi iraun ote du horien ezkontzak? Ene, ene, hau bai eztei-bidaia motza balizko senar-emazte horiena! Indarrik gabe baina indarrean den lehendakariak Strasbourgera egin nahi izan zuena baino motzagoa izan da horien bidaia! Tira, bikote horrenak ez zuen itxura onik; cambio-kume ezindu bat sortzekotan abortatu bai ala ez, ezbaian emango zuten legegintzaldi osoa. Beraz, ulertzen dut hauteskundeak berriro izatea. Zer? Ez dela hauteskunderik? Orduan? Zertara dator jende ilara hori papera eskuan? Ah! Athleticen zaleak dira, ez dakit nongo finalerako sarreren eske daudela ilaran, eskuan Begoñako Amaren estanpatxoa dutela. Ondo da, ulertu dut. Tira, bueltaka segitu dut hiri handiko kaleen artean eta hara! Hori bai jende ilara luzea! Segituan hurbildu natzaie eta ondo-ondoan nagoela, eupp! oihukatu diet ozen, lehoien zaleak zirelakoan. Jaramonik egin didan bakarra gorra izan da, gerora jakin dudanez, eta gainera korrokadaka nengoelakoan egin dit jaramon. Akabo! Bada, ez, zerikusirik ez lehoiekin; rockariren bat hirira kantari datorrela eta sarrerak zozketaren bidez banatuko dituztenez, notarioaren etxe aurrean ilaran bildu diren rockzaleak dira. Bale, bada, tira! Neure ibilbidean aurrera egin eta hara! Hori bai jende pila ilaran! Orain bai!, pentsatu dut neure artean; hurbildu eta ozen egin diet oihu: Gora rock and rolla! Bakanen batek baino ez dit begiratu, eta ez zen gorra, gerora jakin dudanez; demontre! pentsatu dut berriro, denbora motzean bigarrenez pentsatzen nengoela pentsatu barik, rockzaleak ez badira, orduan... Eupp! oihukatu diet. Berdin, jaramonik ez. Hau misterioa! Zer dela eta ilara? Jende edadetua nagusi, eta adindurik ere bada zaharren artean, eta poltsa eskuan. EHNEren eskaintza baliatzera datoz plazara! Akabo! On egin! Hiritik atera eta hara! Jende pilo ilaran, eta korrika! Hurbildu eta, badaezpada, zera oihukatu dut tropelaren barrutik: Gora rock and rolla! On egin! Eupp! Guztiok begiratu didate barrez, gorrek izan ezik. Puztu egin zait paparra, baita oilo-ipurdia jarri ere. Izerditan hasi naiz; hamaseigarrena, agidanez. Ika, ika, ika... eurek. Eta ni, eupp! Konturatu orduko nabarra atzean utzi eta berdean gara, errepidea erretzen. Hots! Hots! Bizion oinok...!