GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Eskuz Banakakoaren atarian

Kandelak itzaltzeko ere gogor putz egin beharko du

Juantxo Kokak erraztasun handiak eman zizkion Aitor Zubietari, eta Etxarrikoak Banakakoan aritzeko dituen ezaugarri bikainak erakutsiz, ez zion barkatu. Opari bikaina, gaur 25 urte betetzen dituen atzelariarentzat.

KOKA  15 

ZUBIETA  22

Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ

Aitor Zubietak merezimendu osoz irabazi zuen Eskuz Banakakoan aritzeko eskubidea, eta asteartean beste 19 pilotarirekin batera egongo da BBKren Bilboko bulegoetan, txapelketaren aurkezpenean. Baina ez hori bakarrik. Nahiz eta beti esan izan den Zubietak ezaugarri bikainak dituela esku-huska aritzeko -indarra eta koordinazioa- atzo gehigarri interesgarri bat erakutsi zuen; sakea. Nafarrak 8 tanto sartu zizkion gipuzkoarrari hasierako jokaldiarekin eta abisua bota du Banakakoan aritu behar duen pilotari ororentzat.

Etxarrikoak goitik behera menperatu zuen neurketa eta Kokaren defentsa ona izan bazen ere, laster hustu zen. Zubietak sake asko sartu zizkion, eta luzatzen ziren tantoetan, bien arteko kolpaketan dagoen aldea oso handia zen. Nafarrak seriotasun handiz jokatu zituen lehen tantoak; ideiak garbi izanda eta fisikoki maila ona ematen; 3-13 jarri zen aurretik, eta ordurako erabakita zegoen ia dena.

Baina denak ez dira hitz politak gaurkoan 25 urte betetzen dituen pilotariarentzat. Izan ere, behin partida apurtu zuenean, kirol-heldutasuna falta izan zitzaion. Berak ere onartu zuen demaren bukaeran: «Neurketa puskatu dudala ikusi dudanean gauzak oker egiten hasi naiz. Ikasi egin beharko dut», aitortu zuen. Altzakoa egoera horri etekina ateratzen saiatu zen. Sakea berreskuratu, pilota aldatu, eta 6-0ko partziala sartu zuen «sake eta tanto» estrategia eraginkorrarekin. Baina ilusio hutsa izan zen. Zubieta berriro ere norgehiagokara etorri, eta aise heldu zen 22. tantora.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo