GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak Binakakoa

Helburuak bete nahi dituenak, ez du hutsik egiteko tarte handirik izango

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Berezkoen Binakako Txapeketako bigarren faseko ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur Arrangoitzeko trinketean, 16.00etatik aurrera.

Lehen norgehiagokan, Larretxea eta Waltari Etxeberriren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira. Partida garrantzitsua izango da Zuraidekoarentzat eta Kubakoarentzat. Lehen jardunaldian galdu egin zuten, eta gaur berriro ere gauza bera egiten baldin badute, zuzenean finalean sartzeko aukera asko zailduko zaie, eta finalerdietan sartzeko ere ez lukete erraza izango. Lehen partida galtzeaz gain, itxura kaskarra eman zuten bi pilotariek.

Etxeberrirentzat eta Harizmendirentzat lehen partida da, eta kontuan hartzeko bikotea da. Aurrelariak egun ona baldin badu, min handia egin dezake, Harizmendik ez baititu huts asko egingo. Bikote honentzat lehen partida da, estreinako jardunaldian atseden izan baitzuten.

Bigarren partida ere erakargarria eta garrantzitsua da, lehen jardunaldiko bi irabazleak neurtuko baitira. Ibarrola eta Ozafrain, egungo txapeldunak, Sorhueten eta Etxetoren aurka lehiatuko dira.

Lehen jardunaldian irabazteaz gain, biek eman zuten itxura ona, eta gaur garaipena lortzen duenak, finalera zuzenean sailkatzeko aukera handiak izango ditu. Galtzen duenak, berriz, finalerdietara begiratu beharko du. Izan ere, amaieran ligaxka honetan lehenengo amaitzen duenak finala jokatuko du, eta bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, finalerdiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo