GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Indarkeria matxistan espezializatutako umezainak prestatuko dituzte

Clara Campoamor elkarteak indarkeria matxistan espezializatutako haurtzainak prestatuko ditu banandutako gurasoen umeei elkarguneetara laguntzeko eta emakumeek bikote ohiak ikusi beharrik ez izateko.

GARA |

Emakumeek bikote ohiekin egon beharrik izan ez dezaten, Clara Campoamorrek indarkeria sexistan espezializatutako umezainak prestatuko ditu, eta horiek banandutako gurasoen seme-alabei elkarguneetara lagunduko diete. Blanca Estrella Ruiz elkarteko presidenteak eta Iraide Aguilar Elkarguneetako arduradunak azaldu dutenez, amek bikote-lagun ohiak ikusi eta trauma fisiko eta psikologikoak izatea saihestea dute helburu. Traumek umeei ere eragiten dietela nabarmendu dute.

Zehaztu dutenez, indarkeria matxistan eta haurtzaroan espezializatutako hezitzaile eta psikologo talde bat sortuko dute eta zerbitzua Euskal Herrian ematen hasiko dira. Gero, elkarteak jarduera duen Estatuko beste leku batzuetara hedatzeko asmoa dute. Lan taldea beharretara egokituko da eta Madrilgo Gobernuko Berdintasun Sailari zein Lakuako Gobernuari eskatutako diru-laguntzak jaso bitartean, zerbitzuan lan egingo duten pertsonak prestatzeaz eta aukeratzeaz arduratuko dira.

Gobernu espainiarrak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak dekretu bat zehaztu eta epaileei «bisita erregimena Lege integraleko kondena bat» dela esan arte jarraituko dute ekimen horrekin.

Bestalde, Clara Campoamorrek umezain zerbitzua eskaintzen die dagoeneko guraso bakarreko familiei. Iaz eta aurtengo lehenbiziko hilabeteetan oinarrizko errenta jasotzen duten bederatzi emakumeren hamabi haur zaindu dituzte. Bederatzi etxe horietatik sei elkarbizitzarako guneak ziren, bat Arrigorriagakoa, beste bi Gasteizkoak eta beste bat Santurtzikoa.

«Umezainak» programa pilotua Lakuako Gobernuak diruz lagundu zuen iaz eta Clara Campoamor elkarteak kudeatzen du. Udal batzuek ere parte hartzen dute bertan, Arrigorriagakoak, Gasteizkoak eta Santurtzikoak, esate baterako.

Umeak bakarrik zaindu behar dituztela-eta, lan egiteko edo ikasteko zailtasun handiak dituzten aita-amei zuzenduta dago zerbitzua. Horiek lan eskaintzei edota ikastaroei uko egin behar izaten diete sarri, haurrak zaindu behar dituztela-eta denborarik ez dutelako.

Elkarteak haurrak «garantia osoz» zainduko dituen pertsona bat eskaintzen die eta hala, familia ongi egongo dela jakinda, lan merkatuan sartzea ahalbidetzen die. Programan parte hartzeko, oinarrizko errenta jaso behar dute bai umeen amek edo aitek eta bai zaintzaileak, eta udaletako gizarte zerbitzuetako langileek jartzen dituzte biak harremanetan, ikasteko edo lan egiteko seme-alabak norekin utzi ez dutela ikusten dutenean.

Aguilarrek adierazi duenez, emakume gehienek lan kontuengatik eskatzen dute umezaina. Izan ere, oinarrizko errenta jasota ere, soldata xume bat ematen dien lan bat egiten dute, baina enplegu hori utzi behar izaten dute umeak zaindu ahal izateko. Programarekin lortu nahi dutena emakumeek beren kabuz aurrera egitea eta oinarrizko errenta jasotzeari uztea da. Kontatu duenez, programako bi emakumek ikastaroak egin zituzten: batek lana lortu zuen eta besteak lanordu gehiago ditu orain.

oinarrizko errenta

Programan parte hartzeko, umeak bakarrik zaindu behar dituzten amek edo aitek oinarrizko errenta jaso behar dute, baita zaintzaileek ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo