Korrika 16
Milaka lagun Iruñerrian, eta jendetza oro har, hirugarren egunean
Tipi, tapa, tipi, tapa... korrika! Aurrera doa 16. korrika eta osasun ezin hobean. Atzokoan jendetza aritu zen korrika eta korrika, hamaika aldarrikapen zabalduz, euskararena lehen-lehenik. Iruñerrian izugarrizko jende uholdea batu zitzaion euskararen aldeko ekimenari. Donostian, iluntzean, besteak beste, Mikel Laboa omendu zuten.
Amaia ZURUTUZA
Aurrera jarraitzen du Korrikak Euskal Herrian barrena. Atzoko eguna amaitzerakoan jada 55 ordu inguru bete zituen hamar egunetan zehar etenik gabe Euskal Herrian barrena dabilen martxak.
Atzokoan ere irudi eta momentu ederrak izan ziren hamaika herritan. Goizean goiz, gau ilunean, Nagore, Agoitz, Ekai eta Urrotzetik igaro ostean, Nafarroako hiriburura gerturatu zen Korrika. Goiz zen Korrika Burlatara iritsi zenean, baina euskaltzale mordoa bildu zen eta harrera beroa egin zioten. Jarraian, Arrosadiatik pasa ostean Iruñeko Alde Zaharrean barrena sartu ziren ehunka lagun oihu eta aldarrikapen anitzekin. Berriozarren Irurtzunerako bidea hartu zuen arte milatik gora lagunek bete zituzten kaleak umoretsu, oihuka, bandera eta pankarta mordoarekin.
Izan ere, atzokoan aldarrikapenak nagusi izan ziren Iruñean eta inguruko herrietan korrikan parte hartu zutenen eskutik. «Nafarroa ez dago salgai» zioten batzuek. Presoen argazkiak zeramatzaten askok eta askok. AHTren aurkako banderak ere han eta hemen, edota okupazioaren eta autogestioaren aldekoak, baita emakumearen ikurdun oihalak ere. Eta guztiak euskararen defentsaren aldeko oihuekin uztartuta. «Presoak ere euskararen alde!» zioten askok.
Lekuko aldaketak une bereziak izaten dira, eta pertsona nahiz talde ezberdinek Korrikarekiko, eta azken batean euskararekiko, duten atxikimendua irudikatzen dute. Hala, Txantrean txiletar familia batek eraman zuen lekukoa, amak, aitak eta seme-alabek. Pixka bat aurrerago Mexikoko gizon bati egokitu zitzaion kilometro bat egitea. Armonia Txantrearra peñak ere izan zuen bere tartea eta sanferminetako ohiturari eutsiz, oihalezko pankarta handiarekin aritu ziren korrika, pare bat buruhandi eta bonbo handi batekin lagunduta.
Antsoaingo herriak ere jai giro ederrean hartu zuen Korrika, eta euskal gazteriaren aldeko oihuak bota zituzten. Errotxapean eragile eta talde ugarik hartu zuten parte. Donibane ere ez zen atzean gelditu eta, besteak beste, auzoko hainbat preso ohi gaztek eraman zuten lekukoa. Iturraman aldarrikapenekin jarraitu zuten eta Berriozarren denetarik izan zen, dantzariak, zanpantzarra eta talogileak.
Iruñerria atzean utzi eta Irurtzunerako bideari ekin zion martxak 12.00ak pasatxo zirela. Bidean, errepide luzea aurretik, hainbat enpresatako langileak izan ziren, Perfil en Frio, Dinamobel, Lizagar eta Emconekoak esaterako, guztiak euskararen aldeko mezuekin. Eguzki Bideoak kolektiboko kideak ere izan ziren bertan, bai eta Marimendi emakume taldeko kideak ere, umoretsu benetan. Irurtzunen etenik ez duen korrikaldia gorpuztu zuten postetxeko langileek, Onitz dantza taldeak nahiz Pikuxar euskal taldekoek. Erraldoi pare bat eta guzti batu ziren Korrikara, eta hainbat suziri ere jaurti zituzten. AHTren aurkako bandera ugari ikusi ahal izan ziren, inguruan txikizio handia eragingo baitu proiektua gauzatuz gero.
Herri txikiak igaro zituen Korrikak Leitzarako bidean, hala nola Irurita, Latasa, Oderitz, Arruitz eta Mutiro. Areso igaro ostean, eskolako eta udaleko ordezkarien parte hartzearekin, Leitzan jendetza batu zen korrikaldira, ehunka lagun, oihuka eta korrika. Eskolakoak, Guratz mendi elkartekoak, gaztetxekoak, Aurrera elkartekoak nahiz Leizaran autobusetako langileak. Aldapa gogorra igo behar izan zuten leitzarrek Goizuetarako bidean. Eta zain ziren bertan ere ehunka lagun, Umore Ona Elkartekoak, gaztetxekoak hemen ere, Guraso Elkartekoak, dendari eta tabernariak. Jada iluntzen ari zenean Hernanirako bidea hartu zuten korrikalariek. Eta bideak aurrera jarraitu zuen Astigarraga eta Donostian barrena.
Korrikak ikusmin berezia sortzen du doan lekura doala. Jende asko ikus zitekeen etxeetako balkoietan begira edota bide bazterrean txaloka. Errepidean barrena ere, kotxeen joan-etorrian, asko izan ziren bozinak joz eta ukabilak altxatuz aritu zirenak.
Iruñeko Udalak atzoko Iruñerriko herri mugimenduak antolatu zuen jaia zela-eta, hainbat debeku ezarri zituen. Erantzun gisa, 18.30ean kontzentrazio jendetsua burutu zuten ehunka lagunek udaletxe parean.
Korrikaren 571. kilometroak zendu berri den Mikel Laboa omendu zuen. Haren emazte eta alabak eraman zuten lekukoa, Korrikako furgonetetako bozgorailuetan 13. Korrikan Laboa eta Ruper Ordorikak abesturiko kanta entzuten zen bitartean.
Korrikan aldarrikapen mordoak hartzen du lekua, doan lekura doala. Atzokoan, preso ugariren argazkiak ikusi ziren. Nolabait, Korrikan izan ziren, Jon, Mertxe, Juli, Jon, Hodei, Juan Mari, German, Ibai, Alberto eta abar luze bat, baita iheslariak ere.