Memoria historikoa Euskal Herrian
«Memoriaren trena» Abandora itzuli zen atzo, 70 urteko zauria ixteko asmoz
Anartz BILBAO | BILBO
2009ko apirilaren 1ean, datorren asteazkenean, 1937ko Gerra bukatu zeneko 70. urtemuga izango da. Alta, sarraski hark sortutako zauri sakonak ez dira guztiz itxi oraindik, eta memoria historikoa berreskuratu nahian eta gatazka mingarri hartako kapitulu ezezagun bat argitu nahian, «Memoriaren trena» Abandoko geltokira heldu zen atzo, hirurogeita hamar urte eta gero.
1937ko azaroaren 19tik 20ra bitarteko gauean, frankistek preso hartutako errepublikarrez josita Bilbotik Sevillarako bidean zihoan tren batek istripua (edo sabotaia) izan zuen Alanis de la Sierrako (Sevilla) geltokian. Hirurogei lagun inguru zendu ziren bertan, euskaldunak horietariko asko eta asko. Gainera, gorpuak ez dira orain artean aurkituak izan.
Gertaera hura argitu eta bertan hildakoak omendu nahian, Basque Films ekoiztetxeak «El largo viaje» izeneko dokumentala ekoiztu du (bukatzear dena), Sabin Egiliorren zuzendaritzapean. Eta «Memoriaren trena» izeneko ekitaldia antolatu zuten atzo Ikuskatu-rekin batera (memoria historikoa berreskuratu eta galdu ez dezagun ikus-entzunezko dokumentazioa biltzen duen elkartea), Urduñatik Bilborako tren bidaia egin eta modu honetan bidean preso joandakoek egin ezin izan zuten etxerako buelta sinbolikoa gauzatuz.
Omenduen artean, baziren bi izen nabarmendu beharrekoak. Marcelo Usabiaga bata, tren hartan joan ez bazen ere, gerrako gatibu izan eta dokumentalean pisuzko parte hartzea duena, eta Romualdo Rollo Jauregi bestea. 95 urte inguruko getxotarra da tren bidaia hura preso eta egoera tamalgarrian egin zutenen artean bizirik den bakarra, eta atzo aldarte onean zen, berriro ere trena hartu eta gaztetako lagunak gogoratzeko prest. Omenaldiarekin «pozik», sasoiko eta berritsu agertu zitzaigun Romualdo, eta garai hartaz itaunduta, «orain biziko banitu legez ditut gogoan» erantzun zigun.
Urduñatik Bilborako bidaia gauzatzeko, orain 70 urte presoak Sevillara zeramatzan trena atera zen toki berean bildu ziren 16.30 inguruan haietariko askoren seme, iloba eta neba-arrebak, bandera errepublikarrak, ikurrinak eta bandera gorri-beltzak hartuta (tartean CNT eta CCOOko partaide, komunista eta Euskal Herriko Antifaxistak taldeko kideak ere baziren).
Etxerako buelta
Behin Urduñara helduta, ekitaldiari hasiera eman eta etxera bueltako bidea egin zuen trenak Abandoko geltokiraino, Amurrio (jende andana bildu zen trenera), Arrigorriaga eta Basauriko geltokietan gelditu eta bakoitzean istripuan galdutakoen familiartekoak hartuta.
Bilborako bidean ziren bidaiarien harridurarako, aldiriko trenak afixaz, desagertutakoen argazkiz (tartean Jesus Ugarte, Jose Zurimendi, Joaquin Lañarenak) eta banderaz josita zeraman erdiko bagoia. Barruan, zendutakoen (eta desagertutakoen) senide eta lagunak, eta belarriak gozatzeko, zuzeneko musika, Joserra Sola txistulariak eta Montoro harizko laukoteak joa: Koldo eguzkiza eta Fernando Albizu arrabita-jotzaile, Gorka Mardaraz biola-jotzaile eta Urtzi Diez txelo-jotzaile lanetan).
Abandoko geltokira helduta, bertako 6. nasan izan genuen omenaldiko ekitaldirik hunkigarriena. Ehun lagunetik gora bildu ginen bertan zendutakoei lore eskaintza egiteko.
Familiartekoek, zirrara eta minberatasun handiarekin, loreak bota zituzten trenbidera, hildakoen oroimenez, eta dantzari batek aurresku dotorea dantzatu zuen, Romualdo eta Marcelo parean zituela.
Geltokiari agurra emateko, ekitaldiaren garrantzia eta zergatia azaltzen zuen mintzaldi labur eta hunkigarri bat irakurri zuten, Ariane eta Amaia Aldamizetxebarriak (ezin eutsita, irrintzi lasaigarri bat bota zuen bukaeran) euskaraz eta Maribel Aranoak gaztelaniaz. Txomin Aldamizetxebarriaren senide dira Iñaki eta Amaia neba-arrebak, eta azken honen alaba da Ariane. Maribel Aranoa berriz, Txema eta Maria Luisa Eguzkiagirre bezala, Eduardo Aranoaren loba da, eta lan handia egin du memoria historikoa berreskuratzearen alde. Batek baino gehiagok, arbasoak gogoan, ezin izan zien malkoei eutsi.
Ekitaldiari bukaera emateko El Carmen aretora jo zuten Abandon bildutakoek, han «El largo viaje» dokumentalaren estreinako emanaldiaren lagin bat ikusi eta afari-merienda egiteko.
Bestalde, Mikel Campo Debarteko artistak oroigarri bat sortuko du Alanis de la Sierrako (Sevilla) hilerrian paratzeko.
Laurogeita hamabost urte inguruko getxotarra da egun tren bidaia hura preso eta egoera tamalgarrian egin zutenen artean bizirik den bakarra. Atzo aldarte onean zen omenaldian, berriro ere trena hartu eta gaztetako lagunak gogoratzeko prest.