Korrika 16
«Euskara, hizkuntza soila baino, bizitzeko modu bat dela esango nuke»
Menorcan jaio zen orain 30 urte, baina duela hiru urtetik Iruñean bizi da. Bidean, Bartzelonan egin zuen topo euskararekin kasualitatez, eta egun garbiro erabiltzen duen hizkuntzaz maitemindu zen.
«Euskararekin etorri zaidan guztia ona izan da niretzat eta egia esan euskaraz hitz egiten dudanean pozik sentitzen naiz», gisa honetan mintzo da Mark Febrer. Euskara ikasten jarraitzeko grina bizi-bizi du oraindik ere eta irakasle lanetan aritzeko ideia zirika. Euskararen egoera ez da nahi lukeen bezain ona eta horregatik txalotzen ditu Korrikaren tankerako egitasmoak.
Noiz egin zenuen topo euskararekin?
Ni Menorcan jaio eta bertan bizi izan nintzen 19 urtera arte. Bartzelonara joan nintzen euskara ikastera eta fakultatean bertan jakin nuen Bartzelonako Hizkuntza Eskolan euskara eskolak ematen zituztela. Jakin-minagatik hasi nintzen euskara ikasten, ordura arte ez nuelako inolako harremanik euskararekin.
Hutsetik hasi zinen?
Jakin banekien euskara izeneko hizkuntza bazela, batez ere, musikaren bitartez. Kortatu, Negu Gorriak, BAP edota RIPen abestiren batzuk entzunak nituen, baina ez nuen harreman zuzenik.
Nolakoa izan zen euskararekin izan zenuen lehenengo kontaktua?
Bartzelonan beste maila batean ikasten da eta hasieran, egia esan behar dut, oso mantso hasi ginen eta jolas baten antzekoa iruditzen zitzaidan. Urteak pasa ahala, konturatu naiz ikasteko hizkuntza zail samarra dela, edozein hizkuntzarekin alderatuz gero, ezberdina dela. Euskara ikasteko «txip»a aldatu behar duzu erabat.
Euskararekin maiteminduta zaudela kontatu digute guri?
Euskara ikasten hasi nintzenetik hizkuntzaren inguruan oso giro jatorra aurkitu nuen. Ordutik euskarak eman didana oso gauza ona izan da: ezagutu dudan jendea, hizkuntza bera, euskal kultura... euskararekin etorri den guztia ona izan da eta, egia esan, euskaraz hitz egiten dudanean pozik sentitzen naiz, ondo sentiarazten nau. Zerbait berezia ematen dit euskarak.
Nolatan Iruñera?
Bartzelonan nengoela nire bizitzak aldaketa bat behar zuela konturatu nintzen, eta euskara ikasten hasia nintzela, Euskal Herrira etortzea erabaki nuen ikasten jarraitzeko. Iruñean ezagunak nituen eta horregatik erabaki nuen Iruñera etortzea.
Euskararen eta katalanaren arteko konparaketa egingo zenuen bada?
Nahiko harrigarria egin zitzaidan, batez ere hasieran. Ez nuen ezagutzen bertako egoera eta berehala konturatu nintzen, Kataluniarekin edota Menorcaren alderatuta, batez ere Nafarroan egoera larrian dagoela hizkuntza. Menorcan edozein bazterretan jende guztiak hitz egiten du menorkeraz edota katalanez, eta erabiltzen ez duenak ere ezagutzen du. Nolabait murgiltzeko beharra sentitzen du. Iruñean eta Iruñerrian ez da behar hori sentitzen. Hizkuntz Politikei eutsita, Kataluniako administrazioetan ez dago arazorik katalanez mintzatzeko. Euskal Herrian ez da hori gertatzen.
Ikasten jarraitzen duzu, zein izango da hurrengo pausoa?
Otsailean glotodidaktika ikastaroa amaitu nuen eta nire asmoa euskara irakastea da, ikasten jarraitzeko modurik egokiena irakastea dela iruditzen zaidalako. Hizkuntza bat ikasten ez da sekula amaitzen. Zure ama hizkuntza ez bada behintzat, beti jarraitu behar duzu ikasten. Hizkuntza berandu ikasi dugunok gainera abantaila dugu, badakigulako ikas prozesua bera nolakoa izan den, zein zailtasun izan ditugun...
Euskara ezagutzen ez duen norbaiti nola azalduko zenioke zer den?
Niretzat hizkuntza bat baino gehiago da euskara; hizkuntza, kultura... gauza asko dira euskara, baina laburbildu beharko banu, bizitzeko modu bat dela esango nuke. M. EIZMENDI