GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ezker abertzaleko hautetsiek hondakinen legearen alde sinatzera dei egin dute

Atez ateko bilketa hautabide egokia dela iritzita eta errausteak eragiten dituen kalteez ohartuta, Errausketaren aurkako Plataformen Koordinadorak abiatutako sinadura bilketarekin bat egin zuten.

p021_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Errausketaren aurkako Plataformen Koordinadorak abiatu duen lege egitasmoarekin bat egin zuten atzo Gipuzkoako hainbat udalerritako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ezker abertzaleko hautetsiek.

Usurbilen egindako agerraldian, herritarrei eskatu zieten hondakinen legearen aldeko sinadura eman dezatela, «hondakinen kudeaketa osasungarriagoaren alde eta errauste plantaren aurka». Lege egitasmoa Parlamentuan eztabaida dadin 30.000 sinadura biltzen ari dira Koordinadorako ordezkariak. Halaber, ezker abertzaleko hautetsiek herri mugimenduen ekimenez erraus- tearen aurka antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin zuten.

Izan ere, ohartarazi zuten erraustea ez dela beharrezkoa eta Usurbilen orain hiru aste abiatu zen atez ateko sistema ari dela hori frogatzen. «Sistema honen bitartez irtenbide osasuntsua eta, aldi berean, ingurumena errespetatzen duena» lortzen dela, eta birziklatze tasa %80 egiteraino igotzen dela nabarmendu zuten, gainera. «Horiek horrela, zein arrazoi du Gipuzkoako Foru Aldundiak birziklatu daitezkeen materialak erretzeko?», galdegin zuten.

Ildo horretan, Markel Olano diputatu nagusiak eta Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek, euren burua «ekologista» gisa aurkeztu eta «ingurumenaz, garapen iraunkorraz edota birziklatzeaz hitz egiten badute ere», errauste planta inposatu nahi dutela gogor salatu zuten .

«Logikaren aurkako bidea»

Hautetsien hitzetan, gero eta argiago ari da geratzen sistema honek eragiten dituen kalteak. Hala, gogora ekarri zuten munduan barna araudiak egiten ari direla errauste plantarik ez eraikitzeko, edota lehendik abian daudenak ahalik eta azkarren ixteko. «Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, logikaren aurkako bidea hartu du eta tematuta dago errauste planta egitearekin», salatu zuten.

Are eta larriago deritzote, gainera, azken boladan izaten ari den krisi garaian «horrenbeste milioi euroko kostua» duen planta eraikitzeko erabakiari eustea, «ez baikaude dirua alferrik botatzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo