GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Korrikaren aztarna, igarotzen dituen eta ez dituen herrietan

Makina bat herri zeharkatzen ditu eta beste horrenbeste istorio eragin. Baina zeharkatzen ez dituen herrien bihotzak ere ukitzen ditu Korrikak. Eskuzabaltasun adierazpenen primerako sortzaile dugu.

p017_f03.jpg

Maider EIZMENDI | Janire ARRONDO

Igarotzen dituen eta igarotzen ez dituen lekuetan, batean zein bestean sortzen ditu Korrikak istorio atseginak eta jatorrak, inondik ere. Kilometro mordoa egiten du AEK-k antolatutako martxak Euskal Herrian barna, hamar egunetan; baina, birak bira, ezin iritsi, hala ere, iritsi nahiko lukeen txoko eta herri guztietara, ezinezkoa da nonbait.

Ostiralean barneratuko da Korrika Bizkaian, eta larunbat arratsaldean zeharkatuko ditu, jendetzaz inguratuta, Bilboko kaleak. Aurretik makina bat herri igaroko ditu Bizkaian, baina Zierbena, esate baterako, ez du bisitatuko aurtengoan. Hala eta guztiz ere, bertako bizilagunek Muskizen izango dute kilometroak korritzeko aukera.

Zierbenatik Muskizera

Aurrekoan igaro zen Zierbenatik eta Udalak erosi zituen bost kilometroak herriko elkarteen artean banatu zituzten, lekukoa eramateko gonbita eginez. Aurten, nahiz eta Zierbenan barrena ez igaro, gisa bereko erabakia hartu du eta euskara ikastera animatu diren herritar taldeei egin diete gonbita lekukoa eraman dezaten Muskizen, Udal arduradunek adierazi dutenez. Oraindik ere zehazteko dago nork eramango duen, baina guztiek ere Muskizen, El Pobal auzoan, jarria dute hitzordua larunbat goizalderako.

Bestalde, bihar Ataungo kaleak igaroko ditu Korrikak. Beso zabalik hartuko dute ataundarrek, izan ere irrakaz itxarondako bisita horrekin, aspaldiko zorrak kitatuko ditu Korrikak.

Herriko antropologo ezagunak, Joxemiel Barandiaranek, 1980. urtean, lehen edizioan, hartu zuen Korrikaren lekukoa Lazkaon, AEK-k antolatzen duen ekimen honen irudirik ezagun eta zabalduenetakoa eskainiz. Ordutik aurrera beste hainbat ediziotan ere parte hartu zuen. Horregatik, ataundarraren lana eskertu nahian edo, omenaldi gisan, 1989an Ataundik pasa zen Korrika.

Ekinaren ekinez, Korrika herrian

Dirudienez, herritarren artean aztarna utzi zuen bisita hark eta hogei urte pasa diren honetan, ataundar talde batek, Korrika bertara itzultzeko nahiak bultzatuta, sinadura bilketa egin zuen iaz, eta ondoren Korrikaren antolatzaileei eman zien euren eskaeraren berri.

Euren gonbitari erantzun dio aurten AEK-k eta bihar goizaldeko bostak eta hogei direnean zabalduko da euskaren aldeko aldarria Ataungo kaleetan. Lizarrustin herritar talde batek harrera egingo dio Korrikari. Aurretik, ordea, giroa berotzeko edo makina bat ekimen eta ekitaldi egin dituzte ataundarrek Korrikaren harira azken aste honetan.

Aurtengo okasioa berezia dela-eta, zukua atera nahi diote inondik ere, eta behin Korrikari agur esanda, korrika saioaren ostean herritarrak indarberritzeko, gosaria antolatu dute.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo