Aberri Eguna girotzeko hainbat ekimen antolatu dituzte herritar taldeek
GARA |
Datorren apirilaren 12an Nazio Eztabaida Guneak sustaturik ospatuko den Aberri Egun bateratuaren karietara, herritar taldeek hainbat ekimen antolatu dituzte giroa berotzeko asmoz.
Atzo, esaterako, hitzaldia eman zuen ESAITeko kide batek Donostian, eta gaur, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Doka kafe antzokian, «Euskal Herria egituratzeko urratsak» izeneko mahai-ingurua izango da. EAJ, EA, Aralar eta ezker abertzaleko ordezkariak izango dira.
Ostegunean ikurrinaren aldeko manifestazioa egingo da Bilboko kaleetan 19.30etik aurrera, Udalean bandera espainola jarri zeneko lehen urteurrenean. Atarrabian ere ikurrinaren aldeko manifestazioa egingo da ostiralean 19.30ean.
Larunbatean berriz, Gasteizen Aberri Egunaren deia zabaltzeko Alde Zaharreko kaleetan barna kantuz arituko dira eta Santurtzin ikurrinaren aldeko ekitaldia egingo dute 18.30ean.
Igande arratsaldean, apirilak 5, Doka kafe antzokian naziotasunaren inguruko erakusketa eta jaialdia izango da. Eta apirilaren 10ean, berriz, Izuran Ipar Euskal Herriko egoera aztertzeko mahai-ingurua izango da; bertan hainbat ordezkari politikok hartuko dute parte.
Nazio Eztabaida Gu- neak herritarren borondatea eta antolaturiko ekimenak txalotu zituen, eta Euskal Herri osoko mendi tontorretan eta herri sarreretan ikurrinak jartzeko hainbat ekimen ere egingo direla adierazi zuen.