Maider Iantzi Kazetaria
Erregeak ezin du errege dela amestu
Betetako ametsek amets izateari uzten diote, ezinezkoa ere ez da ezinezko, lortzen baldin bada, eta ilargia, eskuetan hartzerik bagenu, ez litzateke hain ederra izanen. Haurra nintzela, ogi apur batzuekin nola entretenitzen nintzen kontatu izan dit izeba batek. Badirudi apurrekin ikasleak, andereñoa, arbela, klase guztia irudikatu eta istorioak asmatzen nituela. Denbora piloa ematen nuen horrela, nire buruarekin solasean, eta izeba begira egoten zitzaidan, harrituta zer gauza gutxi behar nuen ikusita.
Pena da urteekin umetako irudimen bizi hori txikitzen joatea, ogi apurrak zakarrontzira botatzea eta TDTko berrogeita hamar kate baino gehiago, MP4a, mugikorra, bideo-jokoak eta ordenagailua izanda ere, aspertzea. Egia ote da, bada, irudikatu dugun guztia eskuratu badugu, azkenean ezer ez dela gurea?
Fernando Pessoak irla urrunetako oinatz amestuak, bertze garai batzuetako parkeetako bestak, bertze sentimendu batzuk, bertze nortasun bat irudikatu zuen eguneroko lan ilun, monotono eta baliogabean. «Dena irudika dezaket, ez naizelako deus», idatzi zuen. Lisboako artistak azaldu zuenez, kontabilitate laguntzaileak enperadore erromatarra dela egin dezake amets; errege batek ezin du, ordea, ametsetan bertze errege bat izan.
Hortaz, egunen batean berriro ogi puskekin jostatzera animatzen baldin banaiz, aukera aprobetxatu eta ametsik politenak irudikatuko ditut sukaldeko mahai gainean, batek daki, beharbada hemendik urte batzuetara dagoeneko ez dira ametsak izanen, orain ezinezkoa dirudiena ez da ezinezkoa izanen eta ilargiak ere ez du horrela dir-dir eginen.