EUROAGINDUA
Etxeberria Espainiaratzeko eskatu dute Estatu frantsesean zigorra bete ondoren
Atzo bete zuen Xabier Etxeberria preso politiko azpeitiarrak Estatu frantseseko Justiziak ezarri zion zigorra, baina Audientzia Nazionalak bere kontrako euroagindua eman zuen eta datozen asteetan aztertu beharko dute. Amnistiaren aldeko mugimenduak ezagutzera eman zuenez, astelehen arratsaldean dei guztiak moztu zizkioten Etxeberriari eta atzo goizaldean Muretetik Seyssesko espetxera eraman zuten, badaezpadako espetxealdian. Martxoaren 3tik gose greban dago Etxeberria, Estatu espainolera kanporatua izateko arriskuagatik, eta senideek atzo ez zekiten protesta utzi duen edo ez. Hori dela eta, joan den astean Azpeitiko Udalak kezka agertu zuen «torturatua izateko arriskua duelako» ezker abertzalearen, EAren eta Aralarren aldeko botoekin. Alkatetzan dagoen EAJ-k aurka bozkatu zuen.