GARA > Idatzia > > Euskal Herria

SCOT egiturak mugikortasuna aztertzeko inkesta bat egingo du Lapurdin

p022_02_41321.jpg

Ainize BUTRON |

1999an sortu ziren Lapurdin SCOT egiturak. Herriko etxe guztien bilgune da egitura, eta, herri elkargo eta udaletan hartzen diren erabakietan koherentzia bilatzea du xede. BAB herri elkargoa, Lapurdi barnealdea eta Landen hegoaldeko herriak elkartzen ditu SCOT Iparraldeak. Eta, atzo, egituraren barnean bideratzen diren gogoeten berri eman zuten. Etxebizitza, ekonomia, ura eta inguramena, eta mugikortasuna dira, besteak beste, egituraren lan ardatz nagusiak.

«Ardatz nagusi horietan hainbat hausnarketa egiten ditugu, eta horiek guztiak txosten nagusi batean bilduak izango dira. SCOT ez dago hor herri elkargoen ordez lan egiteko, baina egitura ezberdinetan hartzen diren erabakien bilgune izan behar du. Gure herriek etorkizun komunak dituzte», argitu zuen Jean-Renee Etxegarai egituraren lehendakariak. Txostenak egiturak finkaturiko lan ardatz nagusi horietan norabide orokorrak bilduko ditu, eta herri guztiei zuzendua izango da.

SCOT egiturak lantzen dituen gai nagusien artean Lapurdiko herritarren mugikortasuna dago. Azken urteotan etxebizitzen eraikuntza arloan izandako norabide ezak, etxebizitzen barreiatzea izan du ondorio. «Urbanismoa zabaldu da, eta horrek mugikortasun arloan behar berriak sortu ditu. Mugikortasun horrek ondorio latzak ditu bai ekonomia eta bai inguramen arloan», nabarmendu zuen Michel Veunac Biarritzeko auzapezorde eta SCOTeko bulego kideak. Lapurdi Estatu frantsesean motorizazio tasa handiena duen zonaldea da.

Garraio publikoa indartu

Arazo hori aztertzeko SCOT egiturak Hendaia eta Landen hegoaldea artean inkesta orokor bat bideratzea erabaki du. «Duela hamar urte jadanik egin zen inkesta bat, baina, geroztik egoera asko aldatu da. Inkesta berria 2009ko urritik 2010eko martxoa arte eginen da. Gaur egun, garraio publikoa ez dago beharrei egokitua», erantsi zuen.

Zenbait irtenbide aurretatu zituen Veunacek. Eta, garraio publikoa indartzeko guneak sortzeko asmoa aipatu zuen. Azkenik, uraren xahutzea ere aipatu zuten atzoko agerraldian, eta apirilaren 30ean gai horri buruzko mahai-ingurua egingo dutela esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo