Indar handiko erasoari ekin arren, Sri Lanka ez da Tigre tamilak garaitzeko gai
Sri Lankako Gobernuak ezin du Eelan Tamil Askatzeko Tigreak (LTTE) gerrilla menderatu, indar handiko erasoari ekin badio ere. Indiako itsasoko uharte horren iparraldean eta ekialdean 200.000 zibil daude Colomboko soldaduen erasoa pairatzen.
GARA |
Sri Lankako Gobernuak gerrillari tamilen aurka egiten ari den operazioa amaitzear dagoela behin eta berriz errepikatzen badu ere, enfrentamenduak ez dira amaitu eta gatazka hau ez dela epe laburrean bukatuko esan daiteke.
Mahinda Rajapakse Sri Lankako presidenteak, otsailaren 4an -independentzia ospatzen zen eguna-, «terrorista tamilak egun bakar batzuetan menderatuko» zituztela esan zuen, baina, ia bi hilabete pasa dira, eta Colomboko militarrak ez dira gai izan matxino tamilak indargabetzeko.
Rajapakse muturreko nazionalista sinhalarrak, 2005ean agintea eskuratu zuenetik, Eelam Tamil Askatzeko Tigreak (LTTE) gerrillaren aurkako gerra irekiari ekin zion, negoziazioaren bidea itxiz.
2007an LTTEk 18.000 kilometro koadroko lurraldea kontrolatzen zuen Sri Lankako iparralde eta ekialdean, bertan Estatu tamila sortu zuelarik.
Gaur egun, ordea, sinhalarren eraso militarraren ostean, 21 kilometro koadro baino ez ditu kontrolatzen Mullaittivu departamenduan.
«Ez dugu nahi bezala aurrera egiten, bertan zibilak daudelako», esan zuen zuen Udaya Nanayakkar jeneralak, Sri Lankako Defentsa Ministerioko eledunak.
«Tigreentzako hil ala biziko arazoa da hau. Hori dela-eta, indar handiz ari dira erasoari eusten», esan zuen Dharmalingam Sithadthan politikari bilakatu den gerrillari tamil ohiak.
Sithadthanek Tigreei leporatu zien Zibilak giza-ezkutuak bezala erabiltzea.
NBEen arabera, 200.000 zibil tamil harrapatuta daude enfrentamenduak izaten diren tokian. Sri Lankako Armadak eremu hori erabat blokeatuta dauka eta giza-laguntza eskaintzen duten taldeak ezin dira bertara hurbildu.
«Fase militarra bukatzen bada ere, gatazka politikoak segituko du», esan zuen Jayadeva Uyangoda Colomboko Unibertsitateko politologoak.