Etxepare beka, Iñaki Zubeldia eta Estibaliz Jalonen «Katalina txitxarra» proiektuarentzat
GARA | IRUÑEA
Ikaztegietako (Gipuzkoa) Iñaki Zubeldia idazlearen eta Ekorako (Araba) Estibaliz Jalon ilustratzailearen «Katalina txitxarra» egitasmoa izan da haurrentzako bildumak sortzeko III. Etxepare beka irabazi duen lana. Ondorioz, Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz eta Faktoria K de libros-ek, berriz, gaztelaniaz eta galegoz. Horretarako, ordea, proiektua gauzatu beharko dute. 6.000 euroko saria jasoko dute egile eskubideen aurrerapen gisa. Bekaren diru-kopuruaren erdia orain jasoko dute irabazleek eta beste erdia, album amaitua entregatu eta epaimahaiak onespena emandakoan.
Hamazazpi izan dira guztira aurkeztutako egitasmoak. Patxi Zubizarreta, Arrate Egaña, Mikel Valverde eta Aitziber Alonsok osatu dute epaimahaia eta irabazle aukeratu duten proiektuari buruz honakoa nabarmendu zuten: «Testuaren xumetasun poetikoarekin guztiz bat datoz ilustrazio koloretsu iradokitzaileak. Estiloaren eta ilustrazioaren arteko oreka eta egokitasuna handia da, eta benetan aparta da ilustratzailearen lana, gurean oso ohikoa ez den estilo bikaina erakutsi du». Gauzen edo izakien jatorriari buruzko ipuinen tradizioan kokatua dago, «oraingo honetan zomorroen ezaugarrietan oinarritua: nondik nora datorkien kolorea katalingorriei edo tximeletei». Gaineratu zutenez, «albumei dagokien laburtasunean, hala ere, badu intrigarik, matxinsaltoak ez baitu berezitasunik, harik eta amaieran konponbide egokia ematen zaion arte».
Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik antolatu zen 2004an Etxepare literatur saria lehengo aldiz. 2006an, haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen.