Greba orokorra, inoiz baino arrazoi gehiagoz
Batera antolatu zuten lehen greba orokorretik 10 urte igarota, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRUk datorren maiatzaren 21erako greba orokorra deitu dute. Izan ere, badute zer salatua: enplegu deuseztatze ikaragarria, patronalaren «xantaia etengabea», gobernuek krisiari aurre egiteko abiatutako neurriak banku jabeen mesedetan baino ez izatea... horiek guztiak eta gehiago zerrendatu zituzten atzo sindikatuok. Hala eta guztiz ere, bada grebarako motiborik ikusten ez duenik, hala nola enpresaburuen elkarteek eta sindikatu espainiar nagusiek.
Bitxia da sindikatu batek une honetan grebarako motiborik ez ikustea «lan edo gizarte eskubideei erasotzen ez zaien bitartean». Eta oso zaila da irudikatzea zer gertatu beharko litzatekeen haren arabera greba egiteko moduko egoera izateko. Enpresaburuen elkarteek, gainera, arduragabetzat jo dute deialdia. Langileen egoera tamalgarriaren erantzuleak erantzukizun eske agertzea barrez lehertzeko modukoa izango litzateke, egoera dramatikoa ez balitz. Horiek krisia gainditzeko denon esfortzua eskatzea hipokrisiaren mukurua da egoera honetan. Orain eragile guztien arteko elkarrizketa aldarrikatzen duten horiek azken urteetan inoizko etekinik handienak izan dituzte, baina aberastasuna banatzeko ez dute denen akordioaz gogoratu nahi izan. Confebasken arabera, munduko gobernuak, instituzioak eta eragile ekonomiko eta sozialak esfortzuak batzen ahalegintzen diren bitartean, «hemen egoera okerreratu egingo duten neurriei heldu diete». Egia osoa esateko, ordea, Grezian, Estatu frantsesean eta Italian, esate baterako, greba orokorra egin zuten, enpleguen deuseztatzea eta prekarietatea hemen bezain larria izan gabe ere. Eta egia osoa esateko, nork bere erantzukizuna horren ondorioak jasaten dituenari egotzi nahi izatea jarrera eskasa da oso.
Euskal gehiengo sindikalak greba orokorrera deitu du hamar urte geroago, helburuetako bat langileei «oxigenoa» ematea duela. Izan ere, langile borroka eta elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoak dira, bai langileen artean, bai gizarteko arlo guztien aldetik.