«Erbestea erabili nahi nuen gai garrantzitsuenetako bat zen, `Sarri' horrela bizi delako»
«Hnuy illa» ikuskizunaren zuzendaria
Hirugarren aldia da Kukai dantza taldeak eta Tanttaka antzerki konpainiak elkarlanean jarduten dutela. Hortik jaio zen «Hnuy illa», Joseba Sarrionandiak idatzitako poesian oinarritutako ikuskizuna, eta astelehen gauean Ikuskizun Errebelazio Onenaren Max Saria jaso zuen.
Lehenengo eta behin zorionak jaso berri duzuen sariagatik. Pozik, astelehen gauean gertatutakoarekin?
Hartu, jaso, beti pozik. Sari bat jasotzea oso gauza polita da beti. Ustekabea izan da guretzat; saria beti jaso nahi baituzu, baina sekula ez dakizu zer gertatuko den. Eta oraingo honetan bai, izan da. Oso ondo pasa genuen. Hau hirugarren aldia da Kukai eta Tanttaka elkarlanean aritzen garela. Lehenengo lana “1937” izenekoa izan zen eta harekin ere Max sarietarako izendatuta egon ginen. Oraingoan berriro izendatu gaituzte, eta «sagartxoa» etxera ekartzea askoz politagoa da. Gainera, ikuskizuna gehiago saltzeko edo hor zehar izen pixka bat izateko balio baldin badu, fenomeno! Saria Mikel Laboari eskaini diogu. Nik gogoa neukan, gurekin lan egin zuen ikuskizun honetan eta ez zuen ikusi. Niretzat Mikel beti izan da erreferentzia bat nire bizitzan eta berari eskaintzea atera zitzaidan.
Zergatik jaso du «Hnuy illak» sari hau? Zer dauka berezia zuzendariarentzat?
Ez dakit, nik neuk ere ez dakit. Joseba Sarrionandiaren poesia oinarri gisa hartzea oso unibertso polita, interesgarria iruditu zitzaidan, eta hala izan zen prozesua, Sarri gehiago ezagutzea, gaur egungo egoeran hartuta. Aspaldi neukan berarekin zerbait egiteko gogoa, baina orain berriz hasten zara bere testuak irakurtzen eta, momentu batean sartzen zara bere bizitzan. Oso polita izan da Sarri berriro bisitatzea. Horrekin batera, Iñaki Salvadorrek oso musika polita, barrukoa egin du. Irudiak ere badauzkagu, abstraktuagoak edo poetikoagoak. Hori dena nahastuta (bizkotxoa egiten den moduan, batzuetan goxoagoa ateratzen dela osagai berak botata ere), ez dakizula zergatik, zerbait pasatzen da. Uste dut hori dela oraingo honetan pasa dena.
Zer ematen dizu 20 urte baino gehiago erbestean daraman idazle baten lanak?
Batez ere berak esaten du, hitzak berak jartzen ditu, eta hainbeste dauka gainera kontatzeko, oso zaila egiten zaidala poesiak aukeratzea. Gauza asko egin daitezke Sarriren poesiarekin eta hitzekin. Gauza asko esaten ditu eta gauza asko kanpoan geratu dira ezinbestekoa zelako. Orduan, aukeraketa hori egitea niretzat lan zailena izan da, oso sentimendu desberdinez mintzatzen delako. Argi dago erbestea erabili nahi nuen gai garrantzitsuenetariko bat zela, nola ez, bere bizitza delako, bera horrela bizi delako. Adibidez, portugesez idatzitako poesia bat erabiltzen dugu eta niretzat hori Sarrionandia asko erakustea da. Bakardadea, isiltasuna, iluntasuna... baina ez nuen bakarrik bere alde ilun hori erakutsi nahi. Amodioaz, adibidez, asko hitz egiten du, baita desioaz ere.
Kukairekin etorkizunerako beste proiekturen bat buruan?
Proiekturik oraindik ez daukagu, ezer zehatzik ez behintzat. Baina gaur egun osoan errepikatzen ari naiz gogoa behintzat badaukagula eta gogoa izatea da garrantzitsuena, beraz, seguru asko egongo da beste bat. Ez dakit noiz, ez dakit zertaz, baina ikusiko dugu. Oraindik berri samarra iruditzen zait “Hnuy illa” eta hau zaindu behar dugula iruditzen zait. Aurrerago ikusiko dugu hurrengoa zein izango den.Ariane KAMIO