GARA > Idatzia > > Kultura

Jean Saroihandiren artxiboa digitalizatu du Euskaltzaindiak

GARA | BILBO

Euskaltzaindiak eta Bordeleko Michel de Montaigne III Unibertsitateak sinatutako hitzarmen bati esker, Jean Saroihandiren artxiboa digitalizatu da osorik eta ikerlarien esku dago Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan. Pirinioetako hizkuntza eta hizkera guztiei buruzko materialak biltzen ditu, 74.000 irudirekin batera, horietatik heren bat euskarari buruzkoak.

Jean Saroihandi (1867-1932) jatorri euskalduneko hizkuntzalari frantses bat zen. Haren aita aldudarra zen arren, Estatu frantseseko ekialdean ezarri zuen bizilekua, Vosges departamenduan. Saroihandiren aita bera gazte zela zendu zen eta, horren ondorioz, betidanik lan egin behar izan zuen ikasketak ordaindu ahal izateko. Hortaz, neurri handi batean behintzat, autodidakta samarra izan zen. Hizkuntzalari bilakatu aurretik, hizkuntzazale eta hizkuntza irakasle izan zen, lehenengo eta behin gaztelania ikasirik (Argentinan) eta gero, ingelesa eta portugesa. Bere egiazko zaletasuna, ordea, Pirinioetako hizkuntzak izan ziren, guztiak, baina bereziki euskara.

Hiru multzotan

Bordelen gordetzen diren Jean Saroihandiren artxiboko paper guztiak digitalizatu dira orain. Artxiboa bera eta, ondorioz, baita bertsio digitala ere, hiru multzo nagusitan banatuta dago: fitxak, kaierrak eta dosierrak. Multzo bakoitzaren barruan, halaber, hiru azpimultzo aurki daitezke: Basque, Gascon eta Espagnol. Hizkuntzalari horren artxiboa haren alargunak eman zion dohaintzan Bordeleko Michele de Montaigne Unibertsitateari eta, beraz, haren jabetzapekoa da. Jatorrizko dokumentuak liburutegi horretan kontsulta daitezke. Bertsio digital hori Euskaltzaindiak osatu du eta soil-soilik ikerketa helburuetarako erabil daiteke, beti ere iturria aipatuz, bai Michel de Montaigne Unibertsitateari dagokionez, bai Euskaltzaindiari dagokionez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo