GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Kronika | Asanblada Hernanin

Senideei elkartasuna adierazteko hitzordua

Isiltasuna, begitarte ilunak, kezka, ezinegona, nerbioak eta nekea gau luzearen ondoren. Kasu batzuetan, semea agurtzeko aukera izan zuten gurasoek. Besteetan, hitzik ez esateko agindua jaso zuten. Guztien pentsamenduan, semea nola egongo ote den. Telefono dei batek Madrilerako bidean zirela esan zieten, besterik zehaztu gabe.

p004_f02_190x096.jpg

Ainara LERTXUNDI

Arratsaldeko zortziak iritsi ahala, Hernaniko enparantza jendez betetzen joan zen. Gauean atxilotutako gazteen inguruko informazioa jasotzeaz gain, horien senideei elkartasuna adierazi nahi izan zieten hitzik gabeko besarkadekin. «Animo» eta «zer moduz» esapideak entzun zitezkeen talde txikitan bildutakoen artean. Handik ez oso urruti, Ertzaintzaren hiruzpalau furgoneta zeuden.

«Ertzaintzak manifestazioa debekatu egin du. Beste inoiz, nahiz eta 24 orduko epea ez bete, baimena eman izan digute. Oraingoan ordea, herriaren kontrako jarrerarik gogorrena hartu du», salatu zuen asanbladan hitza hartu zuen batek.

Debekuaren aurrean, pankartarik gabe kaleari buelta ematea erabaki zuten bildutako 800 bat lagunek, «atxilotuak askatu» oihua zabalduz. Gaur mobilizazioa egingo dute berriro, 20.00etan. Lehenago, 17.00etan Udaleko Giza Eskubideen batzordera joateko dei egin zuten.

«Senideei elkartasuna azaldu behar diegu. Bakoitzak ahal duen heinean babesa azaltzea da garrantzitsuena», helarazi zuten.

Polizia operazioaren arduradunak «Madril eta Gasteizen» daudela gaineratu zuen. «Baina, erantzule politiko zuzenak hemen bertan ditugu, Hernaniko Udalean, hain zuzen ere».

Atxilotuek tratu txarrak pairatzeko arriskuaz ere ohartarazi zuen. «Denok dakigu zein den beraien metodologia; beldurra eragitea tortura psikologiko eta fisikoekin».

Era berean, herrian artean ere «poliziaren presentzia nabaria» zela salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo