Kronika | Hudson, Wall Street-eko analista, Bilbon
Krisi ekonomikoari irtenbide politikoa eman behar zaionean
Egungo krisiaren irtenbideak politikoa izan behar du», nabarmendu zuen Michael Hudson Wall Street-eko finantza analistak, Sarrikoko fakultatean emandako hitzaldian. Etorkizun gordina marraztu zuen, bere aburuz, feudalismo berriaren eta morrontzaren atarian baikaude. Habi guztietako arrautzak hartzen ari diren parasitoei aurre egin behar zaiela esan zuen.
GARA
Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko areto nagusia ia beterik zegoen, Michael Hudson Epe Luzeko Joera Ekonomikoen Ikerketarako Institutuko lehendakari eta Wall Streeteko finantza analistak hitzaldia eman behar zuela-eta. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) higiezinen burbuilatik egungo krisirainoko bidea azaldu zuen Ipar Hegoa Fundazioak gonbidatuko adituak. Politikotzat jo zuen krisi honen inflexio puntua, demokraziatik oligarkiara igarotzea dela nabarmendu zuen.
Azaldu zuenez, «kutsatutako» aktiboek AEBetan sortutako zorra trilioika zenbatzen da; hala ere, orain arte «merkatuan» txertatu den dirutza gehien dutenen eskuetara joan da, eta populazioaren %1 hori, «oligarkia berria da, datozen urteetako elitea da». Garai batzuetan indarrez sartzen ziren beste herrialdeetara, eta orain, aldiz, finantzen bidez egiten da inbasioa. «Feudalismo modu bat dago egun, eta zorren bidez ordaintzen da; krisiak zorra handitzen du», adierazi zuen Hudsonek.
Hitz egin zuen honetan finantza-industria deritzonaz, produktibitaterik sortzen ez duen sektoreaz. «Bono bat ez da kapitala, titulu bat da, banku batzuen babesa duena», argitu zuen.
Aurreko mendeko azken hamarkadetan garatu zen eta garai hartan bi kontzeptu nagusi bilakatu zirela azaldu zuen: murrizketa eta azpikontratazioa.
«Enpresa murrizten zen, langileak murrizten ziren eta saldu egiten zen», eta gero lana kanporatzen zuten, afiliatuta zeuden langileak kontratatu beharrean, babes gutxien zituztenak hartzen zituztela, hegoaldetik etorritakoak. Ondasun sortzearen kontzeptua aldatu egin dela esan ostean, iaz, sortutakoaren %57 populazioaren %1en eskuetan zela nabarmendu zuen. «Oparotasuna deitzen dutena da. AEBetako sorreratik izan den desorekarik nabarmenena da».
Sistemak iraun dezan, herritarrak zorpetuta egon behar direla esan zuen. Bere iritziz, feudalismo berriaren eta morrontzaren atarian gaude, esfortzu guztiak zorrak ordaintzera bideratzen baitira. «Langileen baldintzak okerrera egin dute, soldatak murriztu dira, baina hipotekek gora egin dute; lehen kreditu txartelarekin erosten zen, baina orain ez dago dirurik».
Irtenbideak politikoa behar duela izan adierazi zuen. «Demokrazia eta oligarkiaren arteko krisia dugu», gaineratu zuen.
Joko berria
Langabezia gorantz doan honetan, zuzeneko zergek gora egingo dutela baieztatu zuen, «aberatsek gal ez dezaten». Azaldu zuenez, depresio garaietan, jabegoari ezartzen zitzaion zerga, baina egun, kontsumoaren gainekoa dela zehaztu zuen. Hudsonen esanetan, langileen soldataren heren bi zergetan doa.
Ekoizle eta langileen arteko fluxu zirkularraren alde agertu zen, eta egungo zerga sistemaren kontra. Banketxe mota ere aldatu egin behar dela esan zuen eta Alemaniakoak, industriara bideratzen direnak, jarri zituen adibide moduan.
«Parasitoak habi guztietako arrautzak hartzen ari dira-eta», salatu zuen.
Alan Greenspan AEBetako Erretserba Federaleko buru ohi eta merkatuaren fundamentalismoaren ordezkariaren hitzak ekarri zituen gogora erratuta zegoela esan zuenean. «Populazioaren %1ek langileei dirua aterako die. Joko berria da eta oligarkia du izena», nabarmendu zuen Michael Hudsonek Sarrikon emandako hitzaldian.