GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

«Quince marabedís en los Carlines»

 

Bukatu da. Milaka korrikazalek zapaldu dute azken kilometroa. 2.503. kilometroak zapaldualdi eta igurtzialdi gozoak jaso zituen Gasteizen. Milaka euskarazko pauso, milaka urrats sendo. Baina, tira, ez nadin melenga jarri. Izan ere, egiari zor, poesia edo formen dotorezia ez da izan edizio honen tasun bistakoena. Eta ez antolatzaileek edo korrikazaleek ez dutelako horretan indarrik jarri, beste batzuk izan dira formetan trakets aritu direnak.

Nafarroako Gobernua hor agertu da, 386. kilometroan. Eta lehendabizikoz Korrikan parte hartzea nahikoa izan du «norabidea aldatu behar duela» konturatzeko. Eta ez duela dirulaguntzarik gehiago emango esan du. Eta larritu egin gara, zuloaren tamaina kalkulatzen. Eta Korrikatik argitu dute «dirulaguntza» kilometro baten truke ordaindutako 2.000 euro direla. Benetan, Nafarroako Gobernuak askoz hobe zuen isilik egotea, nahiz eta ez gustatu Korrikaren koloreak. Hala, inork ez luke jakingo Korrikari 2.000 euro baino ez dizkiola eman.

Eta bazituen aterabide dotore askoak. Ez da nire asmoa inori aholkuak ematea baina, tira, denon mesedetan izango delakoan... Lagun baten aita deseredatu egin zuten gurasoek. Nafarroan hori egin daiteke. Notarioak argi eta garbi utzi zuen herentziako dokumentuan hari zegokion zatia zein zen: «Quince marabedís en el monte de los Carlines». Carlin mendian denak herri-lurrak dira. Alegia, gurasoek ez zioten ezer utzi, baina modu dotorean egin nahi izan zuten eta kodize nafarrak horrelakoetarako eskaintzen duen formula erabili zuten. Hori bai dela formak zaintzea. Esandakoa, bai Miguel Sanzentzat eta bai Patxi Lopezentzat aurrerantzean baliagarria izan daitekeelakoan, gogoratu: «Quince marabedís en el monte de los Carlines».


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo