Munduko hainbat naziotako ordezkariek parte hartuko dute Gazte Martxan
Gazteen eta herrien eskubideak errespetatuko dituen beste Europa baten alde, hamazazpi naziotako ordezkariek parte hartuko dute bihar Amaiurren hasi eta igandean Donibane-Garazin amaituko den Gazte Martxan. Atzo, jaialdian parte hartuko duten nazioarteko ordezkariekin prentsaurrekoa eskaini zuten gazte independentistek Kanbon, eta bertan sistema kapitalistatik aldentzen den «beste Europa baten aldeko» konpromisoa helarazi zuten.
GARA |
Bihar Amaiurren hasiko den Gazte Martxaren karietara, atzo gazte independentistek prentsaurrekoa eskaini zuten Kanbon, jaialdian parte hartuko duten nazioarteko ordezkariekin batera. Guztira, munduko hamazazpi naziotako ordezkariak izango dira bi urtean behin independentziaren alde ospatzen den ekitaldi honetan, eta zentzu horretan, atzo, sistema kapitalistatik urruntzen den «beste Europa baten alde» borrokatzeko konpromisoa agertu zuten.
«Bakoitzaren herrian modu ezberdinetara antolatuta gauden gazte eragileak gara, baina helburu bakarra daukagu; gazteen eta herrien eskubideak bermatuko dituen Europa eraikitzera goaz egun hauetan zehar, eta horretarako, ideien elkartrukatzea izango dugu tresna. Gure helburua herrien Europa gazte eta errebeldea eraikitzea da», azaldu zuten atzo nazioarteko ordezkariek.
Lau egun horietan Gazte Martxan parte hartuko duten nazioarteko ordezkari gehienak Europatik etorritakoak izango dira, nahiz eta Hegoafrikatik iritsitako gazteak ere izango diren. Herrialde Katalanetatik, Galizatik, Gaztelatik, Hego Afrikatik, Irlandatik, Danimarkatik, Finlandiatik, Italiatik, Norvegiatik, Alemaniatik, Suediatik, Suitzatik, eta Andaluziatik etorritako ordezkariak izango dira bertan.
Gazteek gogorazi zuten gaur egun munduan gosea eta miseria sortzen dituen «sistema kapitalista patriarkalak» Europako eta mundu osoko gazteria «zapaldu» egiten duela, eta hori, «Estatu eta klase zapaltzaileek beraien jendarte eredua inposatuz» lortzen dutela salatu zuten. «Nork ematen dio herriari lapurtutako dirua NATOri? Nor ari da antolatu eta bere eskubideen alde borrokatzen den gazte oro atxilotzen terrorismoaren kontrako gerraren izenean? Nor ari da euren krisia langilearen bizkar jartzen», galdegin zuten.
Sistema beraren aurka
Hala, «itotzen gaituen» sistema kapitalistaren aurka borroka egiteko deia luzatu zuten. «Milaka gara egungo zapalkuntza, zatiketa eta ukapena onartzeko prest ez egonik, herriz herri hamaika borroketan antolatzen garenak, borrokatzen dugunak. Batean ala bestean, eredu berri baten alde, herrien Europa gazte eta errebelde baten alde ari gara borrokan», ohartarazi zuten gazteek.
Ildo horretatik, eredu horren aldaketaren bidean antolatzen den ororen aurka munduko agintariek «errepresio bortitza» erabiltzen dutela gogorarazi zuten, eta zehazki, euskal gazteriak pairatzen duen errepresioa gaitzetsi, eta «30 urtetan zehar borrokan eta antolakuntzan» aritzeagatik zoriondu zituzten. «Errepresioaren aurrean erakutsitako jarrera eredugarria da Europako eta munduko gazteontzat», nabarmendu zuten Gazte Martxan parte hartuko duten nazioarteko ordezkariek.
Gazte Martxan parte hartuko duten nazioarteko taldeak honakoak izango dira; Ung Vänster (Suedia), Ógra Sinn Féin (Irlanda), Oprør (Danimarka), Vasemmistonuoret (Finlandia), Yesca (Gaztela), Antifaschistische Aktion (Alemania), Assembleia da Mocidade Independentista (Galiza), C.S.O.A. Askatasuna (Italia), Revolutionärer aAufbau Schweiz Basilea (Suitza), Internatinal Forum's middel east group, SEPC eta CAJEI (Herrialde Katalanak), Red Party (Norvegia), Frontlinjer (Norvegia), Jaleo!!! Jóvenes andaluzes independentistas (Andaluzia) eta Youth Comunist League of South Africa (Hegoafrika).