Bromolioak edo autokromoak; zientzia eta irudia eskutik helduta
Hamazazpigarren urtez segidan, Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoak «Argazkien Bilera» jardunaldiak antolatu ditu. Herriko areto ezberdinetan, bost erakusketa antolatu dituzte, gehienak maiatza bukaera arte. Edizio honetan XIX. eta XX. mende hasieran argazkigintzan erabilitako prozedurak hartu dituzte aintzat. Autokromoak, goma bikromatatuak, albuminak edo bromolioak ezagutzeko aukera eskaintzen dute, besteak beste.
Ane ARRUTI | ZARAUTZ
Nekez imajinatuko zuten Niépce eta Daguerrek, XIX. mendearen hasieran eurek abiarazitako argazkigintzaren historiak halako eboluzioa izango zuenik. Zarauzko aretoetatik ostera bat egiten badugu, aldi horretan zehar erabilitako prozedura ezberdinak ezagutu ahal izango ditugu. Aurtengo «Argazkien Bilera»-k horixe izan du helburu: «Gure irudipena izan da, orain jende gazteak ez dakiela argazkiaren historia nola joan den. Aukera paregabea da argazkigintza munduan zenbat gauza egiten ziren ezagutzeko», adierazi zuen Ramon Serras, Photomuseumeko arduradunak. «Orain dena digitala da; hartu, ordenagailuan manipulatu... Hemen ikusten da garai haietan ere jendeak manipulatzen zuela, baina ideia jakin batekin, hau da, artelan bat sortzeko».
Photomuseumen bertan dago ikusgai Serrasek aipatutako piktorialismo garaia. Bromolioak zer ziren ezagutu dezakegu Angel Alonsoren bilduma baten bitartez. Lan anonimoak dira, «argi daukaguna da euskalduna izan zela edo behintzat Euskal Herrian bizi izan zela, ageri diren gaiengatik». Argazki bakoitza bakarra zen. Negatibo berdinetik abiatu arren, argia emanez eta figurak nabarmenduz, margolanen antzeko obrak sortzen zituzten. «Argazkilaritzaren ikuspegi artistikoa zuten», azaldu zuen Serrasek.
Garai bertsukoak dira Torre Luzean ikusgai dauden goma bikromatatuak. Teknika hau ere piktorialista da, ikatzaren antzekoa, baina gelatinaren ordez goma arabiarra erabiltzean, eskuz landu eta kolorea gaineratu zitekeen. Erakusketa Pedro Zarrabeitiaren bildumak osatzen du. Haren argazkiez gain, Xose Gago galiziarraren eta Andres Isasi musikari bilbotarrarenak daude bertan.
«Autokromoak» erakusketan, berriz, XX. mende hasieran gertatutako lehenengo prozedura industrial garrantzitsuaren testigantza biltzen da. Lumière anaiek patata-fekulak tindatuz sortutako asmakuntzari esker, 1907tik aurrera koloretako argazkien komertzializazioa posible izan zen. Sanz Enean dagoen 50etik gorako autokromoen erreprodukzioz osatutako bilduma Centre Excursionista de Catalunya elkartearena da eta Kataluniatik kanpo erakusten den lehengo aldia da. Ramon Barnadas elkarteko arduradunaren esanetan, «argi erakusten du ezagutza zientifikoak garatzeko grinak kolorezko argazkia sorrarazi zuela. Jendeak 1960-70eko hamarkadekin lotzen du kolorea, nahiz eta asmakuntza mende hasierakoa den. Garai hartarako oso garestia zen -koloretako argazki bakar batek oraingo 20-30 euro balioko zituen, zuri-beltzezko argazki batek baino hamar aldiz gehiago- eta gainera ezagutza eta teknika berezia eskatzen zuen».
XIX. mendeko lehen urratsak
Bidea galerian, 1852. urtetik 1880ra gehien erabilitako prozesua ezagutu dezakegu: ferrotipoa. Anbrotipotik eratorrita, bernizatutako burdin-plaka ilun bat erabiltzen da, kolodioizko emultsio batez estalia eta, landuta, irudi positiboa ematen duena. Merkea zen eta AEBetan eta Britainia Handian izan zuen arrakastarik gehien. «Familiak, umeak, bikoteak... erretratuak egiteko erabili zen gehienbat», azaldu zuen Serrasek.
Azkenik, Zazpi galerian, Jean Laurent-en «Albuminak» topatuko ditugu. Frantziarra zen bera, baina Portugalen eta Estatu espainolean ibili zen urte luzez. Euskal Herrian ere egin zituen hainbat argazki eta horietako asko bildu dituzte erakusketa honetan. Albuminaren teknikak argazkigintzaren hedapena sustatu zuen eta XX. mende hasieraraino iraun zuen. Arrautza-zuringoa eta potasio ioduroa beiran aplikatuta eta zilarrezko nitratoz eta azido zitrikoz bustita lortu ziren beiraren gaineko lehenengo negatiboak. Laurent 1892an hil bazen ere, haren familiak bere gain hartu zuen negozioa eta Zarauzko erakusketan, 1900. urtearen inguruan zabaltzen hasi ziren posta-txartelak aurkituko ditugu Laurent-en sinadura eta guzti.
«Orain mundu guztiak manipulatzen ditu argazkiak ordenagailuarekin. Hemen argi ikusten da garai haietan ere egiten zela eta helburu jakin batekin gainera, artelanaren ikuspegitik. Obra bakoitza bakarra zen», zioen Serrasek.
«Lumière anaien asmakuntzak argi erakusten du ezagutza zientifikoa garatzeko grinak ekarri zuela kolorezko argazkia. Jendeak 1960-70eko hamarkadekin lotzen du kolorea, baina mende hasieran bazen», azaldu zuen Barnadasek.
`Bromoleoak', Angel Alonsoren bilduma: Photomuseum. Maiatzaren 31ra arte.
`Autokromoak', A.F.C.E.C.-ren bilduma: Sanz Enea. Maiatzaren 31ra arte.
`Goma bikromatatuak', Zarrabeitiaren bilduma: Torre Luzea. Maiatzaren 31ra arte.
`Albuminak', Jean Laurent: Zazpi galeria. Maiatzaren 3ra arte.
`Ferrotipoak': Bidea galeria. Apirilaren 19ra arte.