Euskaltzaindiak hiru liburu aurkeztuko ditu Sarako Euskal Idazleen Biltzarrean
GARA | SARA
Pazko Astelehenez urtero egiten den bezala datorren astelehenean Saran (Lapurdi) ospatuko den Euskal Idazleen Biltzarrean hiru liburu aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak. Batetik, Gratien Adema Zaldubiren «Artzain Beltxaren neurtitzak», Henri Duhauk paratua. Bigarrenik, Txomin Peillenen «Bizitzaren Hiztegiaz» eta, azkenik, Jean-Louis Davanten «Zuberoako Literatura. Antologia laburra». Hiru liburuak Euskaltzaindiaren «Euskaltzainak» izeneko bildumako aleak dira.
Horrez gain, “Bazterrez” Aurelia Arkotxa euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia jasotzen duen “Euskera” agerkariaren separata ere aurkeztuko da Saran. Lanon aurkezpena astelehen goizean izango da, 11.30ean, eta honako hauek izango dira bertan parte hartuko dutenak: Andres Urrutia, Henri Duhau, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Aurelia Arkotxa.
Bestalde, Euskaltzaindiak antolatutako “Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina” erakusketa ikusgai izango da kiroldegian bertan, egun osoan zehar.
Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna –150 idazle eta gehiagok parte hartuko du–, baina Euskal Herriko argitaletxeak ere bertan izango dira, baita mugaz bi aldeetako euskaltzale ugari ere. Aurtengoa 26. edizioa izango da eta omenaldi berezia egingo diote 3.000. zenbakia argitaratu berri duen “Herria” aldizkariari. Daniel Landart-en bitartez, astekaria bera eta historian zehar izan dituen zuzendariak omenduko dituzte. Biltzarra 10.00etan hasiko da.