Tasio Erkizia Ezker abertzaleko militantea
Aberri Eguna, nazioaren jai kolektiboa
Alderdi eguna izatetik nortasun eguna izatera pasa behar da. Guztion eguna, nazioa osatzen dugunon identitate propioa aldarrikatu eta ospatzeko une aproposa
Badator Aberri Eguna eta beste urteetako ohiturari jarraiki, han-hemenka ospakizunak iragartzen ari dira alderdi abertzale gehienak. Alderdi espainolistak zein frantses jakobinoak ez, horiek behartzen gaituzte beraienak ospatzera eta gure Aberri Egunaz trufatu egiten dira. Euskararekin gertatzen den bezala, edo Nafarroaren kasuan ikurrinarekin, espainolek eta frantsesek behartzen gaituzte beraien erdara ezagutu eta erabiltzera eta, aldiz, ez dira behartuak euskara ezagutzera eta erabiltzera, ezta gure sinboloak errespetatzera ere. Areago, gureak baztertu eta mespretxatzeko eskubide osoa dutela uste dute.
Franco bizi zen bitartean, Euskal Herri penintsularrean debekaturik geneukan Aberri Eguna ospatzea, eta bortizki erasotzen ziguten. Halere, nork bere etxean hasieran, mendian geroxeago eta deialdi publikoen bidez Bergaran, Irun, Donostian edota Gernikan ondoren, abertzale anitz biltzen ginen gure euskaldun izaera agertu eta elkarrekin ospatu nahirik.
Diktadorea hil ondoren, jai hori ospatzea alderdi politikoen esku geratu zen. Modan jarri zen alderdien protagonismoa eta, ondorioz, horrelako egun adierazgarri baten antolakuntza ere beraien esku jausi zen. Instituzio propiorik ez geneukan, gutxienez nazio mailakorik ez, eta ondorioz lurraldetasunari eta gure izaerari loturiko ospakizuna, alderdi bakoitzaren baitan kokatu genuen. Konturatu gabe eta ziurrenik borondate onenarekin, guztion eguna eta jaia zena, esparru erdi pribatura eraman genuen. Neurri handi batean eta salbuespenak salbuespen, alderdi bakoitzak bere kideekin ospatzen duen egun batera mugatu dugu. Eta horrek kalte egin digu. Aberri Egunari oker handia ekarri dio, zenbait urtetan ia-ia haren izaera propioa desitxuratu dugularik.
Duela hiru urte, Nazio Eztabaida Guneak antolaturiko urteroko hausnarketa saioan, Aberri Egunaren izaera eta berezitasuna berreskuratzeko egokiak diren antolakuntza moldeak bultzatzeko erabakia hartu zen. Aberri Eguna herri nortasuna sustatzeko eta pentsaera ezberdina izan arren, guztion artean dauden adostasun komunak indartze aldera molde bateratuan antolatzeko erabaki irmoa hartu zen. Lehen urratsa legez, jaia eta ospakizun bateratua nahi dugu, alderdi guztiei zabalik eta denon parte-hartzea bermatuko duena. Jakin arren alderdi gehienek beraien ekimen propioak antolatuko dituztela, gure asmoa ekimen bateratuak eta zabalak emeki-emeki erakargarriago eta guztion erreferente bihurtzea da. Bigarren urratsa, Udalbiltza bezalako instituzio nazionalek bultzaturiko ospakizun bateratua eta adostua bultzatzea litzateke.
Aberri Eguna ez da alderdien arteko liskarrak gizarteratu eta nork bere ikusmoldeak defendatzeko une aproposena. Horretarako urteak egun asko ditu. Nazio gisa desagertzeko helburuz, estatu frantsesak zein espainolak, modu eta era askotara itotzen gaituzte. Gure izaera eta nortasuna ukatzeaz gain, herri gisara bizitzeko aukera kendu eta biziraupena itotzen digutenean, nazio sentimendua suspertzea ezinbesteko zeregina da. Eta honelako sinboloak eta izaera kolektiboa adierazten diguten egunak mimatu eta indartu beharra dago.
Beraz, alderdi eguna izatetik nortasun eguna izatera pasa behar da. Guztion eguna, nazioa osatzen dugunon identitate propioa aldarrikatu eta ospatzeko une aproposa. Uztailaren 14an Estatu frantseseko alderdi politikoek ez dute ekimen propiorik antolatzen, ezta espainolek ere urriaren 12an. Identitate kolektiboa adierazten duten sinboloak ez lirateke modu partidistan erabili behar. Baina gure herrian hori gertatu eta gertatzen da. Eta galdera honakoa litzateke: zergatik ospatzen da era partidistan, identitate kolektiboa azpimarratzea beharrezkoen den Euskal Herrian? Hain zuzen ere herri desitxuratua garelako, nazio mailako instituziorik ez dugulako.
Bestetik, azken boladan hitzetik hortzera darabilgu abertzale eta ezkertiarron indar metaketaren gaia. Honek eta hark, han eta hemen, nonahi aipatzen da indarrak biltzeko beharrizana. Testuinguru honetan, Irun-Hendaiako mugak gaindituz egingo dugun ibilbidea eta martxa koloretsu bezain alaia indartzeak ez al du berebiziko garrantzia? Ez al dira horrelako gertaerak elkarlana irudikatu eta praktikara eramateko aukera ezin hobea? Jakina da mugimendu soberanista indartsua bultzatzeko beharrezkoa dela sustrai sendoa duen proiektu politikoa eta hori lortzeko aurreikusten den ibilbidea adostea. Ez dago dudarik, baina aldi berean, eguneroko praktika bizian finkaturiko mugimendua nahi dugu sortu. Eguneroko praktikan nazio eraikuntza sustatzen duena, masa borrokan zein lan instituzionalean gure nazio izaera irmoki defendatzeko estatuei hortzak erakusteko gaitasuna duena.
Apirilaren 12an, Irun-Hendaiako mugan dugu beste behin ere gure hitzordua. Jai eta errebindikazio giroan egun ederraz gozatzeko parada ezin hobea. Zazpiak bat eginik nazioa garela erakusteko aukera.