Rekarte, bere talde ohiaren aurka
Zuri-urdina betidanik... eta igandetik aurrera
Arazo fisikoak gainditu ondoren, Aitor Lopez Rekartek lehen aldiz jokatu ahal izango du Realaren aurka.
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Zaletuek, jokalariek, entrenatzaileek... Denek hartzen dituzte derbiak gustura. Topikoak dioen bezala, partida bereziak dira. Berezitasun hori, hala ere, areagotu egiten da batzuetan eta, ziur aski, hori gertatuko zaio Aitor Lopez Rekarteri asteburuan.
Arrasatearrak kamiseta gorri-urdina defendatuko du larunbatean, eta bihotza tapatzeko ere erabili beharko du, horren koloreak bestelakoak baitira: aurkariarenak, hain zuzen ere. Hamabi urte besterik ez zituen Zubietara heldu zenean eta hogei gehiago bertatik irteteko ordua heldu zenean. Ia bizitza osoa, beraz, Realean, eta etzi, lehen aldiz, bere talde ohiaren aurka jokatuko du.
Esfortzu bikoitza egitera behartuko duen partida izango da, alde batetik, bera guztiz errekuperatzeko: «Gauden egoeran, zelairatzen diren jokalariak 100% ehunera egon behar direlako. Sekulako gogoak ditudan arren, ez dut jokatuko zalantzak baditut». Eta, bestetik, kontzentratzeko, bere taldeak, Eibarrek, dituen beharretan, «egongo diren une hunkigarriak» gaindituz.
Kasu bietan, baikor agertzen da jokalaria. Batetik, atzo arazo barik lan egin zuen; eta bestetik, inguruak kontu berberarekin hainbat egun daraman arren, berak oraingoz ez diolako garrantzi handirik ematen. «Argi dago partida berezia dela, bertan urte asko egon naizelako eta esanguratsua delako niretzat. Eta ziur aski, egongo dira sentimenduak agertuko diren uneak. Baina benetan, ez diot oraingoz buelta gehiegirik ematen, buruan daukadan bakarra gure beharra baita, partida ondo prestatzea eta jokatuz gero, ahal dudan gehiena ematea».
Rekarteren bihotz zuri-urdinak etenalditxo bat egingo du, beraz. Eta igandera arte. Hortik aurrera, bere talde ohiaren igoerarekin disfrutatzea espero baitu. «Egia da multzo bat dagoela hor goian oso indartsu dagoena eta beraiek bigarren lerro batean daudela. Egoera hori ez da erosoa, igo beharra dutelako. Gainera, Bigarren Maila oso zaila dela nabaritzen ari da. Baina ni ere zale naizen aldetik, igo daitezela espero dut eta aukerak badituztela uste dut. Ea bolada onean jarraitzen duten, datorren astetik aurrera izan beharko badu ere».
Ildo horretan, kamisetak bihotzak baino pisu handiagoa dauka. Rekarte, izan ere, apostua egitera ausartzen da, Eibarrek 2-0ko emaitzaz irabaziko duela iragarriz. «Autoestimua handitzeko behar duguna da. Gogorra da aste osoan sekulako indarraz eta mailaz lan egin, eta asteburuan saririk ez lortzea. Horrek min egiten du, taldeak aparteko indarra eduki arren. Ikusgarria da asteazkenean hona bueltatzea eta berriro ikustea zer-nolako jarrera duen taldeak. Horrek saria merezi du».
Larunbatean irabazteko formula «aukera guztiak» jokoan jartzea izango da. «Banan-banan aztertuz, guk baino kalitate hobea dute. Beraz, beste gauza batzuk hartu beharko ditugu kontuan: etxean jokatzen dugula, zelai txikia dela, beren gainean egon behar dugula, baloia daukagunean erasoa indartzeko elkarri babesa eskaintzea... Xehetasun horiekin guztiekin zorrotz jokatu behar dugu. Gero akats teknikoak egon daitezke, zailagoa baita saihestea. Baina partidarako prestatzen diren kontzeptu horiek betetzen asmatu egin behar dugu», azpimarratu zuen.
Albiste onak erizaindegitik
Albiste onak emanez jarraitzeko, German Beltran eta Jose Cases lanera itzuli ziren atzo eta Alacantekoak, behintzat, jokatzeko moduan dagoela adierazi zuen. Mikel Arruabarrena, bestalde, Donostian egon zen, orain dela bi aste eta erdi hautsi zuen besoa babesteko lotura (benda) berezia probatzen.