Bernardo Atxaga eta Euskaltzaindiak aldizkari bat jarriko dute martxan udazkenean
Euskaltzaindiarekin batera argitaratuko duen aldizkariak «Erlea» izena izango du eta Atxaga bera izango du zuzendaria. Hizkuntzari buruzkoa izango da eta udazkenean kaleratuko da lehengo alea.A.A. | DONOSTIA
Data zehatzik ez dute ezagutzera eman oraingoz, baina itxura guztien arabera, aurtengo udazken aldera aurkeztuko da Bernardo Atxaga eta Euskaltzaindiak elkarlanean plazaratuko duten aldizkari berria. «Erlea» izenarekin argitaratuko da eta Atxaga bera izango da zuzendari lanak egingo dituena. Pamiela argitaletxe nafarra arduratuko da, bestalde, edizioaz eta diseinuaz, Pello Elzaburu editoreak GARAri adierazi dionez.
Elzabururen esanetan, proiektua erritmo onean doa aurrera. Atxagak duela pare bat urte iragarri zuen aldizkari hau sortzeko asmoa. 2007an euskaltzain oso izendatu zutenean azaldu zien proiektua Euskaltzaindiko kideei. Halaxe adierazi zuen urte horretan bertan egunkari bati eskaini zion elkarrizketan: «Euskaltzaindian nire burua bi eginkizunetan ikusten dut. Alde batetik, hizkuntza tresna hori probatu beharra daukanaren esperientzia eskaini nahi dut, esperientzia horiek euskaraz ez baititugu askotan konpartitzen. Bestetik, aldizkari berezi bat egin nahiko nuke. Proposamena luzatu diet Akademiakoei eta badirudi harrera ona izan duela. Urtean ale batzuk, oraindik ez dakit zenbat, aterako genituzke».
Zehaztasun handirik argitu ez duten arren, badirudi hizkuntzari buruzkoa izango dela eta ez hizkuntzalaritzari buruzkoa. Honela adierazi zuen Atxagak 2007an: «Helburua hizkuntzarekin lotzen den poesia erakustea da, eta, esate baterako, pertsona jakin baten biografian hizkuntzak jokatzen duen papera azaltzea. Iruditzen zait herri honetan hizkuntzaren inguruan gauza asko mugitzen direla, eta ondo legoke, nik uste, ikuspegi poetikora ere hurbiltzea».
Batetik bestera
Bernardo Atxaga idazle asteasuarra bere azken lanaren aurkezpen lanetan buru-belarri sartuta dabil orain. Pasa den hilaren hasieran kaleratu zuen «Zazpi etxe Frantzian» (Pamiela), Kongon kokatutako eleberria, idazkera aldetik orain arteko ibilbidean eten bat adierazten duen eleberria. Euskaraz argitaratu zuen lehenengo eta ondotik, gaztelaniaz, galizieraz eta katalanez ere plazaratu dute.
Azken asteetan Katalunia inguruan ibili da, hain zuzen, promozio lanetan. Datorren astean ere han izango da. Izan ere, ostegunean, apirilaren 23an, urtero San Jordi egunez ospatzen den Liburuaren Egunean pregoia emateko aukeratu baitute euskal idazlea.
«Erlea» izeneko aldizkaria Bernardo Atxagak zuzenduko du eta hizkuntzari buruzko aldizkaria izango da, «ez hizkuntzalaritzari buruzkoa».
«Helburua hizkuntzarekin lotzen den poesia erakustea da eta, esate baterako, pertsona jakin baten biografian hizkuntzak jokatzen duen papera azaltzea».