GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

«Hamaseigarrenean aidanez»

Dentistak beldurra ematen dit. Atzo goizean joan nintzen harenera (inork sinesten ez badu, faktura ikus lezake) eta arratsaldera arte ezpainak inurrituta egon banintzen ere, ez nuen haren kontrako salaketarik jarri. Baina benetako beldurra, ikara, Guardia Zibilak ematen dit. Herenegun eguerdian ikusi nituen, Gasteizko Aiztogile kalea hartua zutela. Horiek ez dituzte hortzak konpontzen, hain justu; hala ere, haien kontrako salaketarik jartzea ez zitzaidan burutik pasatu ere egin. Ez zidaten mehatxurik egin, eta egin izan balidate ere, ez nituen salatuko. Izan ere, salatzailearen eta salatuaren arabera, salaketa susmagarria izateko motibo eta are erruduntasun froga ere izan liteke.

Badira salaketa judizialetan profesionalak, behin eta berriz inoren zigorra bilatu eta batzuetan lortu ere lortzen dutenak. Marisa Arrue da salatzaile profesionalaren eredua. Lehenbizikoan ez zuen salatuen zigorrik lortu. Bide onetik joan zitzaion auzia, baina azken momentuan, iraindu... tira, eta mehatxatu eta batek daki zer gehiago egin omen zioten hiru gazteak aurrez aurre zituela, haien ondoan zegoen polizia seinalatu zuen «zalantza izpirik gabe». Hala ere, ez zen uzkurtu eta handik gutxira Zigor Goikoetxea atxilotu eta kartzelatzea lortu zuen. Oraingoan ere ez du erraza izango, asteartean epaiketan ikusitakoak ikusita, baina dagoeneko gazteak urte erditik gora eman du kartzelan, Marisaren ustez, gutxi; justiziaren berri dakien edonoren ustez, bidegabeki. Ez du erraza Getxoko zinegotzi andreak, herri hartako udaltzainek eta defentsaren lekukoak epaiketan deklaratu zutenez, ez baitzuten mehatxurik entzun, baina edozer gerta liteke. Nolanahi ere, ez du ematen Marisa erraz amore ematen duten horietakoa denik. Beharbada hirugarrenean... edo hamaseigarrenean...

Lagun kazetari baten ikerketak dioenez, nazionalismo espainiar erradikalaren inguruko iturrien arabera, jende horrek eskuliburu baten kontsignei jarraitzen die, ezker abertzaleko kideak leku txarrean agerrarazteko behin eta berriz haien kontrako salaketak jarriz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo