GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Aitor Zugazti Euskararen Jatorria

Euskararen Jatorriaren 4. Biltzarra: Iruña Okako ostrakak egiazkoak ala gezurrezkoak?

Aldundiak gaia amaitutzat eman du eta eztabaidaren jarraipenari ate guztiak itxi dizkio. Gizartean, ordea, halako egonezin bat dago, ez bakarrik euskarazko hitzengatik -egiazkoak izateak balio sinboliko ikaragarria lukeelako-, baita jarraitu den prozesuagatik ere

Arantzazun 2005eko azaroan egin genuen Euskararen Jatorriaren Lehenengo Biltzarretik hona gai asko landu dira gure hizkuntzaren historian sakondu nahi duen ekimen honetan. Aurten, maiatzaren 23an, gaur egun pil-pilean dagoen gai bat aztertzeari ekingo diogu: Iruña Okako ostraka euskaldunak.

Aldundiak eratutako Batzordeko bi hizkuntzalarik zalantzan jarri dituzte euskarazko 136 hitzetatik 35. Arrazoi asko eman dute, euren iritziz faltsuak direla esateko, grafia, fonetika, morfologia eta sintaxiaren ikuspuntutik. Hizkuntzalarien iritzia erabakigarria izan da faltsutzat emateko, ia arkeologiaren eta historiaren ikuspuntuen aurretik jartzeraino.

Urtarrilaren 17an Aldundiak txosten guztiak argitaratu zituen alava.net webgunean. Hortik aurrera, Lurmen enpresa Iruña Okatik kaleratzeko zeuden arrazoiak aztertzeko aukera izan dugu. Emandako arrazoi asko oso pisuzkoak dira, baina beste batzuk zalantzagarriagoak, eta beste zenbait dagoeneko ezeztatuta geratu dira, jendeak Interneten bidez emandako azalpen eta datuei esker.

Horietako batzuk batzordekideek beren txostenean faltsutze froga gisa jaso izana ulertezina dirudi. «Descartes» adibidez, argitaratutako argazkian «Miscar» edo antzeko zerbait idatzita dagoela argi ikusten denean. Edo akats ortografikoak eta sintaktikoak daudela esatea. Hiru alfabeto agertu direla kontuan hartu beharra dago. Beraz, idazten ikasten ari ziren gaztetxoek idatzitako ostrakak direla ikusita, ez dirudi hori esatea argudio sendoa denik. Edo komak agertu izana. Agertutako komak hitzak banatzen daude, ez esaldiak. Idazten ikasteko teknika dirudi gehiago, gaur egun esaldiak banatzeko darabiltzagun komak baino.

Baina Aldundiak gaia amaitutzat eman du eta eztabaidaren jarraipenari ate guztiak itxi dizkio. Gizartean, ordea, halako egonezin bat dago, ez bakarrik euskarazko hitzengatik -egiazkoak izateak balio sinboliko ikaragarria lukeelako-, baita jarraitu den prozesuagatik ere. Azaroaren 19aren ondoren, beste lauzpabost prentsaurreko etorri dira, bakoitzean gai desberdinak azalduz: alde egin zuten hiru arkeologoen adierazpenak, materiala fiskalaren esku uztea, Knorren gutuna, kereila jarri diotela Eliseoren taldeari... Prentsaurreko gehiegi egin den bitartean -dena isilean egin balitz prozesua lasaiago bideratuko zen-, ez da baliabiderik jarri eztabaida zientifikoan sakontzeko eta, garrantzitsuena, zalantzarik gabe, egin zitezkeen datazioak ez dira egin.

Batzorde Zientifikoan prestigio handia duen Perring arkeologoari ez zitzaion material guztia bidali, azterketa oso bat egin zezan. Hori adierazi zuen bere txostenean eta, egindako katioi tasaren bidezko patina-azterketa egiazkotasuna frogatzeko aukera moduan ikusi zuen, benetako zientzian oinarritzen dela baieztatzekotan. Hau da, aukera bat eman du datazioak egiteko, kontuan hartu ez dena. Batzordeko Madariaga kimikariak piezak ezin direla datatu esan zuen, gehiegi garbitu direlako. Beraz, Batzordeko bi kideek iritzi kontrajarriak azalduta ere, Madariagari arrazoia eman diote, nahiz eta prentsaurrekoan, ostrakak faltsuak zirela frogatzeko kola aztarnak zeudela esan zuen, zeramika zatiak pegatzeko kola erabiltzen dela denok dakigunean. Bestetik, termolumineszentziaren bidez datazioak ere egin daitezkeela aipatu dute hainbatek Interneten. Teknika horren bidez analizatutako ostrakak suntsitu behar badira ere, gai honek duen irismena ikusita, garrantzi gutxiagoko pieza batzuekin egin behar izan da.

Gai hori buruz, Koen Van den Driessche geologoak pieza batzuk datatu daitezkeela azaldu du Interneten bidezko foroetan eta Koldo Mitxelena kulturunean eta Bartzelonako Euskal Etxean egindako hitzaldietan, kaltzita arrastoak dituztenak eta ke aztarnak dituztenak, hain zuzen. Datazio horiek tarte handiegia adieraziko ligukete, hau da, ez lukete zehaztuko zein mendetakoak diren, baina orain gutxi faltsutuak diren ala ez esango ligukete.

Beraz, Euskararen Jatorriaren Elkartearen iritziz, gaia ez dago itxita eta hizkuntzalaritza, geologia (datazioak) eta arkeologiaren ikuspuntutik gehiago sakondu behar dela uste dugu. Maiatzaren 23ko biltzarrean horixe egingo dugu, hain zuzen ere, eta horretarako, eztabaidan parte hartu duten geologo bat eta hizkuntzalari bat gonbidatu ditugu bertara: Koen Van den Driessche eta Juan Martin Elexpuru.

Lehenengoak Batzordeko Madariaga kimikariak egindako lana aztertuko du eta egin daitezkeen datazioen inguruan zehaztapen garrantzitsuak emango ditu. Bere ustez, hizkuntzalariek idazkunak berri-berriak direla esatea ez da oso zuhurra izan, besteak beste, salatutako hitz batzuek kaltzita arrastoak dituztelako gainean eta horrek frogatuko lukeelako piezok urteak izan ditzaketela.

Bestetik, idazkunen zenbait zulotan atxikitako konkrezioek, ostrakak aro nuklearraren ostekoak (1945-2009) edo aurrekoak (1945aren aurretik) direla jakiteko aukera egonda, analisi gehiago egiteko aukeraz hitz egingo du. Koen geologoaren iritziz, arkeometria arloko adituak behar ziren Batzordean baina ez dira egon. Ostraken zuloetan geratutako lur hondakinak baliatuz eta Madariaga irakasleak egindako eredu kimikoa erabiliz, ostraken posizio estratigrafikoa ezagutzeko aukeraz ere hitz egingo du.

Ondoren Juan Martin Elexpuruk ostraketako euskal testuak aztertuko ditu: zenbat, familia, kristautasuna, koloreak, izen propioak, aditzak, grafia eta fonetika... Gero, polemika sortu duten gaiei buruz arituko da, hala nola aspirazioa, artikulua, Z eta K grafia, «polita» eta «denos» hitzei buruz. Horietan, Batzordeko hizkuntzalariei erantzungo die, beste aukerak egon daitezkeela planteatuz.

Iruña Okako gaian sakondu ostean, Euskararen Jatorriaren Biltzar honetan beste zenbait gai ere aztertuko dira, hala nola hitzen etimologia aurkitzeko tailerra, hiztegi etimologikoaren lau erroen azterketa, kantabriera-euskara hiztegia eta Felix Zubiagaren arketipoen teoria.

Informazio gehiago: euskararenjatorria@gmail-com eta www.euskararen jatorria.eu webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo