Luis Bilbao Larrondo Leioa
«Lo tengo pero no lo tengo»
Askotan norbaiti entzuten diogu ijitoak ez direla gure gizartean ondo konpontzen eta halako txorakeriak. Nik ordea, erabat nahastuta dagoela esango nioke. Adibide argi batekin azalduko dut eta gero ea iritzi berbera duen ala ez. Adolfo da ezagutzen dudan ijitoa, eta nire anaiaren laguna da (elkarri deitzen diote «primo» senideak izango balira bezala), era berean, bere tabernaren bezeroa da. Behin, biak bere «fragonetaz» zihoazen hozkailu baten bila, eta bat batean «la Tzarainaren» kontrolarekin topo egin zuten. «Tzaraina» haiengana hurbildu zitzaien, eta agurtu bezain laster autoaren paperak zein gidabaimena eskatu zizkien, eta une horretan hasi zen istorioa. Adolfok esan zion (aurpegia aldatuz aktore profesionala izango balitz bezala): «ayyyy txatxo lo tengo pero no lo tengo...», eskuak mugitzen goitik behera eta hain arin hitz egiten zuenez eta esaten zuena ulertezina zenez, minutu pare bat geroago «tzaraina» hasi zen zorabioa hartzen eta bere burua bueltaka hasi zela zirudien. Orduan, bere lankidea konturatu zenean hurbildu zitzaien eta horrela esan zien: «Adolfo (bere izenaz ezagutzen baitzuen) aurrera egin oztopoa baino ez zarete» (antza denez Adolfok eta tzarainek behin baino gehiagotan kontroletan edo besteetan elkar ikusi dute). Azkenean, biek handik alde egin zuten paperik erakutsi gabe. Baina hori ez zen guztia, geroago Adolfo haserre bizian horrela esan zion nire anaiari: «Ayyy! itzal txarra», «nire haginen arima», «halako paioak», «ileak begietan ea ateratzen bazaizkie!». «Zer ba, primo?» inuzente-inuzente galdetu zion nire anaiak, eta berak erantzun zion: «zertarako eskatzen dizkidate paperak badakite ez dudala paperik? paio hauek!». Anaiak arrazoi osoa eman zion, zertarako? Gero ergelen batek esango du ijitoak gure gizartean ez direla ondo moldatzen. Baita zera ere! Agian geu gara moldatzen ez garenok. Bizi garen gizartean begiratu besterik ez baitugu egin behar.