GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Ainara Maia Brno (Txekiar Errepublika)

ETAren aurka?

ETAren aurka, Espainiako Gobernuaren aurka, indarkeriaren aurka, edozeren aurka egitea izan da orain arteko estrategia, eta hala segitu nahi dute batzuek, jakin arren horrek ez duela ETAren amaiera ekarriko. Eta badakit, ez naiz inuxentea, batzuen negozio biribila ETAk beti ekiten segitzea dela, nahiz eta euren arteko zinegotzi batzuk sakrifikatu «kausa espainolarengatik», baita beste batzuen gudariak ere euskal kausarengatik.

Baina inozo izanen naiz. Demagun nik Patxi Lopez eta enparauen aldaketa hori sinetsi nuela. Sinetsi nuen PSEkoak humanizatu zirela eta besteekin enpatizatu. Izan ere, giza tragedia ez baitago gatazka politiko luze honen alde batean soilik. Sinetsi egin nuen euskal presoak euskal kartzeletara ekarrarazteko ahalegina eginen zuela eta jadanik kondenak bete dituztenak aske utzi. Sinetsi egin nuen euskal presoen familien atsekabeak kontuan hartuko zituela. Sinetsi egin nahi nuen «terrorismoaren aurkako legea» indargabetzeko eskatuko ziola bere nagusi Zapaterori.

Baina ez, nik Martin Luther King ameslariaren gisa ametsetan segitzen dut eta bitartean heldu eskutik, irakurle, arren. Euskal politikan ez dago estrategia-aldaketarik eta ez dago gizatiartasunik. Batzuek nahiz besteek gatazka politikoa luzatzea erabaki dute.

Eta nik inozo izaten segituko dut, beharbada. Demagun nik oraindik euskal gizartean sinesten dudala, gizarte-mugimenduan eta nik, Ghandi ameslariaren gisa, desobedientzia zibilaren hautua eginen dudala, eta zuk, irakurle, orduan heldu niri eskutik gogor, arren. Izan ere, artikulu hau bihotzetik jalgi zait, baina beharbada terrorismoa goraipatzea egotziko baitidate...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo