GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Calais: bide hertsia iheslarientzat, zabala gerra itsasontziendako

Calais herriak II. Mundu Gerran buruturiko inbasio imajinarioari esker berezko tokia hartu zuen historian. III. Reich-aren Armadak hala uste bazuen ere, Europa Hitlerren atzaparretatik askatzeko pentsatutako operazio militar ospetsua ez baitzen Calais-en gauzatu. Aldiz, milaka soldaduen odolaz gorritu ziren Normandiako hondartzak.

Zer esanik ez, aztarna ugari utzi zuen bigarren gerla handiak Calais-eko eskualdean ez ezik, Normandian ere. Gisa berean, gaur arte horren oihartzuna Bretainian atzeman daiteke.

Normandian, bakea eraikitzeko beharrezko izan zen gudaren sinboloa. Calais, erresistentziaren ikurra. 65 urte luze igaro dira geroztik, baina mamuak oraindik ere grisez margoturiko herrixketan zein itsasoari trufa egiten dioten pentzetan suma daitezke. Mamu berriak dira, ordea, gaueko hotzikaraz arropa zabalaz babesten diren itzalak.

Calais eta Bretainia arteko kostaldean, gerraren oroimenak, gaurko amets galduak eta betiko mehatxuak bizilagunak dira. Estua da itsasartea, baina horiek guztiak besarkatzen dira.

Hantxe dira aspaldi iparra galdu zuen mundu honen azkenen artean azkenetarikoak, kontrako norabidea hartzeko prest, hala edo hola berezko lehorreratzea egiteko zain Calais-en.

Parisek etorkinendako erretentzio zentroa itxiko duela iragarri du. Kurduek, somaliarrek, sudandarrek edota nigeriarrek azken talaiatzat dute Calais.

Soldadu gazte haiek bezala bidaiak sortzen dien beldurrari aurre egiten diote gotorleku horretatik. Hori gutxi bada, aliatu haiek askatu omen zituztenen ondorengoek, alegia, Estatu frantseseko agintariek agertzen dieten mespretxua pairatzen dute. Alta, herritar horiek ez dute beldurrik sortzen, bai ordea itsasartea zaintzen duten itsasontziek.

Gerra garaiak, finean, ez dira inoiz amaitu. Normandia zein Bretainiako kostalde eder bezain bortitz horretan gudarako prest dira Armada aliatuak.

SNP alderdi eskoziarreko diputatu baten galderari erantzunez, azken 21 urteetan Britainia Handiko 14 itsaspeko nuklearrek istripu larriak izan dituztela aitortu du Defentsa Ministerioak.

«Le Trionphant» itsaspeko frantsesak eman du azken ezustekoa, Bretainia parean. Breizh han, Garoña hor. Mamu nuklearra benetako mehatxua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo