Julen MURGOITIO
Ateko giltza atera
Atea. Zein gauza inportantea den, ondoan ormarik ez duenean ere. Mendiko bideetako batzuk bezala, ganaduak basoa ikusi ez dezan. Jakina, atea ez da berdin ikusten, are gutxiago sentitu, alde batean edo bestean egonda, maratila da horren lekuko; azken batez, betiko atea alde batera baino ez da zabaltzen. Ikustea besterik ez da: alde batean «Bultza» eta bestean «Erakarri» dakar ateak fabrikatik.
Dena dela, hitzon esangura ez da beti argia. Horra, kasuko, Lakuako Gobernuak transgenikoen gainean hartu berri duen erabakia. Batzuentzat atea zabaldu dio transgenikoak landatzeari; Gobernuarentzat, ostera, behin betiko itxia dio atea horiek lurreratzeari. Ulertu? Eta hau ezagutzaren jendartea ei den XXI mendeko interneteko honetan! kontuak atera erdi-aroan bagina! Hortaz, ez dakit transgenikoek euskal lurra kutsatuko duten ala ez, baina euskal politikaren orubean behintzat aspaldian dira sustraituak. Portzierto, zer gauza desberdinak diren lurra eta orubea!
Tira, harira! beheko Estatuaren Konstituzioak alderdi berria du euskal lurretan sortzear: PESOE, hau da, Popularki Eraldatutako Sozialismo Euskadirakoa, orain arteko GEO horiek, Genetikoki Eraldatutako Organismoak, behin betirako segurtasun indarretara pasatu ondoren. Bitartean, momentuz, jelkideek Gobernuz Kanpoko Erakundea izatera ohitu beharko dute.
Atea. Erresuma zaharreko liburutegi publikoetan itxita aurkitzen du behin eta berriz atea euskal prentsak; kaletik barrurantz doanean itxita aurkitu ere. Batzuei euskal prentsak zer pentsa ematen dien seinale; erdal pentsa. Baina ateak izan badu izen ona ere, herri batzuetan atez ate hasi baitira, zorionez, etxekoa gaika biltzen, zaborra atera aterata. Ateak jakingo balu aurrea eta atzea dituela eta oso diferenteak direla biak! Pentsa, espetxetakoa. Horko ateari buelta emango bagenio di-da batean, presozainak preso geratuko ziren eta presoak kalean; maratila barrua den aldean geratuko zen orain, barruko horiek noiz edo noiz kanpokoa ikusi dezaten.
Ateaz luze idatzi liteke, baina funtsezkoena zera da, ate bakoitzak giltza bana duela, eta giltzari bana. Atea zabaldu gura duenak giltza behar du eskuan, ataka batean geratu nahi ez badu sikiera. Ezin da beti ate-joka ibili, noiz edo noiz zabaldu egin behar da. Edo bota. Edozelan ere, aterik adina maratila eduki behar dira.