Dantzaren Nazioarteko Eguneko ospakizunek ez dute etenik izango datozen egunetan
GARA | DONOSTIA
Apirilaren 29a, Jean-Georges Noverre koreografoa, dantza modernoaren aitzindaria, jaio zen eguna, aukeratu zuen 1982an UNESCOk Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Mundu osoan oroitzen den data da hori, baita Euskal Herrian ere. Gaur, adibidez, Iruñean dantza izango da protagonista nagusi eta ekainaren 10erako «Euskaldunak eta Dantza» izeneko gala antolatu dute Bilbon.
Lehen hitzordua, ordea, atzokoa zen, Donostian. Okendo plazan «Dantza Kalean» ikuskizuna egitekotan ziren, baina «elementu naturalen indarragatik», hau da, eguraldi kaskarragatik, bertan behera utzi zuten ekitaldia. Jazz dantza, garaikidea eta klake dantza lantzen dituzten koreografiak ikusteko, beraz, itxaron egin beharko da; ziurrenik maiatzaren 10era arte. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak gaurko beste hitzordu bat ere jarri zuen; barra klasikoaren erakustaldia. Eguraldia lagun badute, aurtengoan, Urumea ibaiaren badian egingo da ekitaldia.
Iruñea ere dantzaren hiri bihurtuko da gaurkoan. Izan ere, Dantzaren Nazioarteko Egunaren gala izango da Barañaingo auditoriumean 19.30ean. Bertan, Haizea elkarteko kideek duten abilezia erakutsiko dute.
Euskaldunek dantzatutako eta sortutako kalitatezko dantzaren apustua da, bestalde, Bilbon izango den «Euskaldunak eta Dantza» gala. Bilbao Ballet elkarteak antolatuta eta Andoni Arestiren zuzendaritzapean, ekainaren 10ean, 20.30ean, Euskalduna jauregian izango da hitzordua.
Bertan, Itziar Mendizabal Leipzig Balleteko dantzari nagusia, Mikel Jauregi Flandeseko Errege Balleteko bakarlaria, Santamaria eta Aukeran konpainiak, Yasmina Sancayo eta Aaron Sanz igoko dira oholtzara. Galaren laugarren ediziorako sarrerak salgai daude jada 20, 30, 45 eta 55 euroan.