GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kontseiluak Patxi Lopezekin bildu nahi du, euskararen normalizazioaz hitz egiteko

GARA |

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko batzarra egin zuen atzo Agurainen. Bertan, Kontseilua osatzen duten 45 bazkideen hainbat ordezkari bildu zen, eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak lehendakari berria izango den Patxi Lopezekin bilera egiteko asmoa agertu zuen, euskararen normalizazioaren gainean hitz egiteko.

Mendigurenek argi azaldu zuen EAEn izango den Gobernu aldaketaren harira, Kontseiluak euskararen normalizazioan «aurrerapausoak» emateko helburua duela eta «sortzen den egoera edozein dela ere», ez dutela «atzerapausorik onartuko».

«Gure asmoak aurrez aurre azaltzeko bilera egiteko eskaria luzatuko diogu», esan zuen.

Kontseiluko idazkari nagusiak lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen. Ildo horretan, 10. urteurrenaren testuin- guruan azaldutako «Pauso bat harago» leloa ekarri zuen gogora eta euskararen normalizazioa gauzatzearen beharra aldarrikatu zuen.

Kontseiluaren lehendakari Koldo Tellituk, berriz, elkarteak barne mailan gauzatuko duen gogoetaren berri eman zuen. Adierazi zuenez 10. urteurrenaren testuinguruan, ez dituzte soilik kanpora begirako egitasmoak gauzatu eta barne mailan ere hausnarketa egin dute.

Aurrera begirako hausnarketa

Kontseilua osatzen duten estamentu guztiak gogoeta egiten ari direla esan zuen. Alde batetik, orain arte egindako lanaren eta lortutako emaitzen gainean, eta aurrera begirako hausnarketak ere egiten ari dira.

«Egoerak eta testuinguruak aldatzen direnez, ezinbestekoa da gurea bezalako erakunde batentzat garai berrietara egokitzea. Betiere, gure helburua lortzeko bidean eraginkorragoak izateko asmoz», adierazi zuen. Aipatutako gogoetaren berri aurrerago emango duela Kontseiluak argitu zuen Tellituk.

Urteko batzarrean, Kontseilua osatzen duten bazkideek 2008 urteko balorazioa egin zuten eta 2009an garatuko diren ildoak ere adostu zituzten. Gogoratu zutenez 10. urteurrenaren testuinguruan, milaka lagunek bat egin zuten Kontseiluarekin eta honek proposatutako ildoarekin, antolatutako ekimenetan parte hartuz, bereziki, BECen egin zen ekitaldian. Bestalde, oraingo bidetik jarraituko du Kontseiluak, euskararen normalizazioan aurrera egiteko helburuarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo