Bat formula Bahreingo Sari Nagusia
Toyota zirrikitutik sartu eta ezustekoa emateko prest
Jarno Trulli eta Timo Glockek Toyota taldearen historiako orririk garrantzitsuena idatz dezakete Bahreinen.
K.A | GASTEIZ
Ostiraleko entrenamendu saioetan Hamiltonek eta Rosbergek erakutsi zuten nagusitasunaren ostean, gutxik pentsa zezaketen pole-ak McLaren edo Williams taldeen eskuetatik ihes egingo zuenik Bahreingo Sari Nagusian. Baina aurtengo ekitaldiak jasan dituen gorabehera guztiak aintzat hartuta, eta harritzeko gauza gutxi geratzen direla jakinda, Toyota taldea izan zen atzokoan aurkaririk izan ez zuena. Jarno Trullik entrenamendu saio bikaina egin, eta lehen postua lortu zuen bitartean, haren taldekide den Timo Glock-ek bigarren denborarik onena egin, eta lehen lerrotik ekingo dio lasterketari.
Modu honetan, Toyota bere historiako aukerarik garbienaren atarian dago. Talde japoniarrak 130 Sari Nagusitan hartu du parte, eta sekula ez du garaipenaren aho-goxoa dastatzerik izan. Aukera paregabe hau probestuko duten edo ez, 12.30etatik aurrera ikusiko da.
Baina asteburuan zehar paddock-ean zeresan gehien eragiten ari den gaia, Brawn GP taldearen errendimendua da. Hasierako bi Sari Nagusietan (Austrialian eta Malaysian) erakutsi zuten indarragatik, bazirudien talde ingelesa izango zela aurtengo aurkaririk latzena. Baina lasterketak aurrera doazen heinean, hauen lan-etekina okertzen ez ote dabilen pentsamendua gailendu da, bai beste taldeen artean, zein taldean bertan. Nahiz eta kontutan izan behar den beste taldeek hobekuntza handiak egin dituztela, Brawn-ek beherakada nabarmena eman duela ukaezina da.
Talde handiak esnatzen
Lehen lerrotik aterako diren Toyotako pilotuen atzetik, Brawn-ek Jenson Button eta Rubens Barrichello izango ditu laugarren eta seigarren postuan. Buttonen parean, Red Bull-eko Sebastian Vettel sailkatu zen hirugarren postuan, eta Lewis Hamilton bosgarrenean. Kili-kolo hasi ostean, badirudi pilotu ingelesak goranzko bidea hartu duela berriro ere. Hauen atzetik Fernando Alonso (Renault) Felipe Massa (Ferrari), Nico Rosberg (Williams) eta Kimi Raikkonen (Ferrari) aterako dira. Kosta zaie, eta pixkanaka bada ere, talde handietako pilotuak lehen postuetan sartzen hasi dira, alde txikiagoen atsekaberako.
Gaur eguerdirako egin diren iragarpenak ez dira guztiz positiboak Bahrein aldean. Datu bezala, atzo 38 graduko tenperaturak egon ziren giroan. Baina hori gutxi ez eta gaurkorako hondar ekaitza egoteko arriskua ere badago.