GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoen Binakakoa

Ibarrola eta Ozafrain heldu dira mailarik gorenera

Egungo txapeldunek Txapelketako partidarik onena egin zuten, eta garbi utzi dute aurtengoa irabazteko ere faborito nagusiak izango direla.

p053_f01_63107.jpg

ETXEBERRI-HARIZMENDI 16

IBARROLA-OZAFRAIN 40

Jon LEUNDA | ARRANGOITZE

Ibarrolak eta Ozafrainek, egungo txapeldunek, ez dute hutsik egin, eta datorren larunbatean Baionako Moderne trinketean jokatuko den final handian izango dira, Sorhueten eta Etxetoren aurkako partidan.

Norgehiagokak ez zuen izan nabarmentzeko askorik izan. Egungo txapeldunak ziren faboritoak, eta zaleek bazuten itxaropenik Etxeberri eta Harizmendirekin, baina atzokoan ez zuten ezer egiteko paradarik izan.

Ibarrolak eta Ozafrainek aurten jokatu duten partidarik onena izan zen atzokoa. Dena ongi egin zuten, eta garbi erakutsi zuten aurten ere txapela janzteko faborito nagusiak direla, nahiz eta Sorhuetek eta Etxetok baino neurketa bat gehiago jokatu behar izan duten.

Partidako berdinketa bakarra lehen kintzean egon zen. Hortik aurrera faboritoak zuloa egiten hasi ziren, eta 9-29, hogei kintzetako aldearekin jarri zirenean, garbi zegoen garaipena zeinek eramango zuen. Ibarrolak partida bikaina egin zuen. Sakearekin min dezentea egin zuen, eta atzean Ozafrainek erraz menperatu zuen Harizmendi.

Galtzaileek ezer gutxi egin ahal izan zuten, baina pilota aukeran izan zutenean ere ez zuten asmatu, eta horrelakoetan ez dute barkatzen atzoko aurkariek. Finala datorren larunbatean izango da.

Alta, gaur ere izango dira finalak Modernen, amateurren Buruz Burukoak, 15.00etan hasiko den jaialdian. Juniorrak, eta amateurretan Bigarren eta Lehen mailakoak izango dira. Azken honetan, Bonebeltxe eta Lamour neurtuko dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo