GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Errekor saiakera

Perurena gazteak 234koa jaso du esku bakar batekin

Leitzarrak jasoaldi ona eman zion, nahiz eta berotzerakoan arazoren bat izan.

p052_f02_111x111.jpg

Jonn LEUNDA | LEITZA

Inaxio Perurenak ez zuen hutsik egin, eta 234 kiloko harri zilindroa berdindu zuen atzo bizkarrean esku bakar batekin, bost minututako txanda bakar batean, eta horrekin errekor pertsonala jarri zuen. Esku batekin, bere aitak bakarrik dauka berak baino marka hobea. Leitzar gazteak jasoaldi ona eman zion atzo, baina lan asko egin behar izan zuen. Berotze ariketetan arazoren bat izan zuen, eta kosta baldin bazitzaion ere, jasoaldi bikaina eman zion gero. Gerrira ekarri, han buelta eman, eta hiru kolpetan harria bizkarrean berdinduta zuen, bere herritarren txalo artean. Denbora gutxian lortzen duen bigarren errekorra zen atzokoa, izan ere orain dela bi hilabete 295 kiloko errektangularra jaso baitzuen bi eskurekin; beraz, tarte laburrean bi marka handi ezarri ditu.

Amaieran, errekorra lortuta, gustura zegoen, baina hasi aurretik beldur apur bat ere izan zuela onartu zuen: «Berotzen ari nintzela, ez dakit zer gertatu zaidan. Ia arnasarik gabe geratu naiz, eta kezkatu egin naiz. Entrenamenduetan ere halakoak gertatu izan zaizkit, baina marka saiakera bat aurretik izanda, beldurtu egin naiz; baina azkenean gauza ongi joan da», esan zuen Inaxiok.

Orain, helburuetako bat lortu duenez, 300 kilokoari begira daude denak, ea noiz egiteko asmoa duen, baina berak ez daukala presarik onartu zuen, eta bere burua horretarako prest ikusten duenean plazaratuko omen da errekor handi hori egiteko asmoarekin. Atzoko marka egiteko 22 segundo behar izan zituen, horixe izan baitzen harria hartu eta bizkarrean berdintzeko behar izan zuen denbora.

Aizkora

Urrezko Aizkorako ligaxka ere atzo abiatu zen Leitzan, eta Miel Mindegiak finalerdietan izateko urrats garrantzitsua eman zuen Iñaki Azurmendi menderatuta. Ezkurrako aizkolari beteranoak gaur 60 urte beteko ditu, baina oraindik sasoi betean dagoela erakutsi zuen.

Bost lan egin behar izan zituzten, eta denetan nagusi izan zen nafarra. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta berak 33 emanda bota zuen enborra, eta hiru gehiago behar izan zituen gipuzkoarrak. Jarraian, abiadura proba izan zuten, 45 ontzakoarekin, eta hor ere nagusitu zen, enborra 45 segundotan bota baitzuen, eta beste hiru segundo atera zizkion. Hirugarren proban erabaki zen auzia. Kana-erdikoa zutik moztu behar zuten, eta ia minutuko aldea kendu zion aurkariari. Berak 2 minutu eta 29 segundotan amaitu zituen lanak, eta 3 minutu eta 15 segundotan Azurmendik.

Laugarrenean, 60 ontzakoa moztu behar zuten, eta minutu eta 36 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko; hiru segundo gehiago Arriarangoak. Azkenean, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten, eta parean amaitu zituzten lanak. Denetara, 15.18 izan zen Mindegiaren denbora, 16.08 Azurmendirena.

Gazteen mailan, berriz, Ander Erasunek Olano mendean hartu zuen, eta Saralegik gauza bera egin zuen, Ohian Larretxearen aurka. Gaur, 12.00etatik aurrera beste bi saio jokatuko dira Zumaian.

Miel Mindegia apustua jokatzeko prest dago

Miel Mindegiak 60 urte bete behar ditu, baina oraindik sasoi betean dago. Atzo Urrezko Aizkorako saioa bereganatu zuen, eta, bestetik, apusturako ere gertu dagoela esan zuen. Esatearekin aski ez eta, 60 ontzako hogei enborretara edonori jokatzeko prest dagoela-eta, erronka bota zuen.

Enborrak berak plazaratuko lituzke, eta apustua jokatzekotan urriaren amaieran, edo azaroaren lehen egunetan izan beharko litzateke. Inork erantzun nahi baldin badio, datorren larunbatean, 19.0oetatik aurrera Tolosan egongo da, Kantabriko tabernan apustua sinatzeko prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo