Anaitasuna, 75 urte bete arren, sasoi ederrean jarraitzen duen beteranoa
Preferente Mailan mantentzeko larri samar dabilen arren, Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldea ospakizunetan dabil. Maiatzean, elkartea sortu zeneko 75 urte beteko dira, eta herrian hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurren seinalatua behar bezala ospatze aldera.
Asier AIESTARAN
Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldea ospakizunetan bete-betean sartuta dago. Kirol elkarte gipuzkoarrak 75 urte betetzen ditu aurten, eta urteurren seinalatua behar bezala ospatzeko egitarau oparoa antolatu dute apirila eta maiatza bitartean. Argi geldituko da, beste behin, kirolarekin horren harreman estua izan duen herri horretan ez dela dena pilota.
Lehen ekitaldia apirilaren 18an jokatutako hiruko torneoa izan zen. Bertan, Realeko, Eibarreko eta etxeko taldeko beteranoek neurtu zituzten indarrak. Joxe Iturbe taldeko presidenteak aipatzen duenez, «Txerloiako harmailak ez zuen aspaldian horrelako itxurarik izan». Torneoak, gainera, Jose Antonio Diaz, Txefo, jokalari ohiari merezitako omenaldia egiteko ere balio izan zuen. Eguneko bigarren partidaren atarian, ohorezko sakea egin zuen Nafarroan izandako istripu baten ondorioz hanka moztu behar izan zioten Anaitasunako futbolari ohiak.
Kirol arloari zehazki dagokionez, Eibar izan zen torneoa irabazi zuena. Armaginek 2-0 irabazi zuten talde azkoitiarraren kontra, eta 0-0 berdindu Realaren aurka. Bigarren postua, berriz, etxekoentzat izan zen azkenean, Realari 2-1 irabazita. Bereziki aipagarria da Xanti Uranga, 59 urteko atezain azkoitiarraren lana. «Badu meritua ia 60 urterekin partida bat jokatzeak. Eta ongi jokatu gainera! Bere garaian Anaitasunako atezaina izandakoa da. Espanyolen eskaintza bat ere izan zuen bere garaian, baina azkenean hemen gelditu zen», argitu digu talde gipuzkoarreko presidenteak.
Baina ospakizunak ez dira hor amaitzen. Ekitaldiekin jarraituz, aurreko ostegunean futbol munduko hainbat izen ospetsu bildu ziren Floreagako On Bosko antzokian «futbola, lehen eta orain» gaia hizketagai jarrita. Mikel Etxarri, Jabo Irureta, Juanan Larrañaga, Juan Luis Larrea, Miguel Angel Perez Lasa eta Luis Arkonada bertan izan ziren. Aurrera begira, berriz, maiatzaren 7an, beste mahai-inguru bat antolatu dute, leku berean, 20.30ean hasita. Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Markel Bergara eta Aitor Lopez Rekarte jokalariak izango dira gonbidatuak. «Jende gaztexeagoa edukiko dugu, gaur egun jokatzen dabiltzanak. Aukera ona izango da jendeak jokalari horiek bertatik bertara ikusteko», adierazi du Joxe Iturbek.
Baina Anaitasunaren egun handia maiatzaren 16an iritsiko da. Eguerdian Jesus Mari Beristainek idatzi duen «Anaitasunaren Historia» liburua aurkeztuko dute udaletxeko areto nagusian. «Zirriborro bat ikusi dut, baina ez dakit azkenean nola geldituko den. Mardula izango da, hori bai, 400 bat orri ditu. Argazki askorekin, erraz eta gustura irakurtzekoa izango dela iruditzen zait», iragarri digu Iturbek. Eta arratsean, Preferente Mailako taldeak arratsaldean partida jokatzen baitu Hondarribian, beste bi hitzordu. 19.30ean hildakoen aldeko meza Parrokian eta, 20.30 aldera, taldeari ongietorria egingo zaio Kontzejupean. Amaitzeko, 300 lagunentzako afaria Joseba jatetxean. Joxe Iturbek honela azaldu digu: «Taldea 1934ko maiatzean sortu zen. Eguna zehazki ez dakigu. Guk 16a jarri dugu egun berezi bezala, jatetxearekin hitz eginda, gure egitaraua aurrera eramateko ongi zetorkiguna zelako».
Hiru talderekin hasi eta hamaikara bidean
Anaitasunaren historia aztertzen hasita, ez da taldea Iturbek bezainbeste ezagutzen duen jende askorik egongo. Bera buru duen batzordeak 20 urte daramatza taldea zuzentzen, eta denbora epe luze horrek balantzea egiteko aukera ematen dio. «Taldea osasunez ongi dagoela iruditzen zait. Une honetan nahikoa patal gabiltza lehen taldeari dagokionez. Pena izango litzateke urte seinalatu honetan Preferente Mailatik jaistea. Baina orokorrean ongi gaudela esango nuke. Orain dela 20 urte hiru talderekin hartu genuen elkartea eta une honetan hamarrekin daukagu. Eta laster hamaika izango dira, beteranoek itxura oso ona eman zutelako hiruko torneoan eta jokatzen jarraitzeko gogoa daukatelako».
Azken urte hauetan ikusi dituen aldaketez galdetuta, emakumezkoen futbolaren gorakada aipatu du. «Neskak datoz oso indartsu. Gaur egun ohitu gara bai Athletic eta bai Reala emakumezkoetan ere punta-puntan ikusten, baina hasiera batean, orain dela 20 bat urte, gu izan ginen Espanyol, Bartzelona, Atletico Madril eta horiekin jokatzen aritu ginenak. Orain beherago egon arren, Anaitasuna erreferente bat izan zela ikusteak poza ematen du oraindik».