Ekuadorreko «herritarren iraultza» zonaldean garatu den joera ezkertiarra indartzera dator
Rafael Correaren eskutik Ekuadorreko Gobernu ezkertiarrak lortu duen garaipen berria azpimarragarria da hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, 30 urtetan, Correa izan da Ekuadorren lehendabiziko bueltan garaipena lortu duen hautagai bakarra. Gainera, azken bi urtetan Estatuaren egituraketan egin dituen eraldaketa sakonak kontuan hartuta -zeintzuetatik Konstituzio berria aipa daitekeen-, herritarrek Correari eman dioten babesa aldaketa hori babesten duten seinale argia da. Amaitzeko, oposizioari atera dion aldea ere nabarmendu behar da.
Ekuadorren ikuspuntu ezkertiarra eta aniztasunaren aldekoa egonkortzea garrantzitsua da, ez soilik bertako herritarrentzat, baita zonalde osoaren etorkizunerako ere. Argi dago gobernu horien guztien artean desberdintasunak egon badaudela, besteak beste, batzuen eta besteen interes nazionalak kontrajarriak direlako alor jakinetan -energiaren auzian, adibidez-. Nolanahi ere, auzi hauetan latinoamerikar agintariek negoziatzeko gaitasuna erakutsi dute. Ikuspuntu honetatik, duela hamar urte salbuespena Kuba baldin bazen, une hauetan Kolonbia eta Peru dira «tokiz kanpo» dauden herrialdeak.