GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

«Piztuen» eta entzungor egiten dutenen miseria

Txerri gripea dela-eta, alerta egoera deitu dute Mexikon, eta neurri bereziak hartu, berriz, makina bat estatutan. Gaixoen egoeraz dauden datuak kezkagarriak dira eta gaixotasunak izango duen bilakaera, berriz, ezezaguna; bada nahikoa kezka eta komeria. Gaiaren larritasuna alboratu gabe, kutsatzea eragozteko gomendatu dituzten estalkien harira sortutako panoramak deitu dit niri atentzioa. «Piztuak», inoren miseriari probetxua ateratzeko prest daudenak, batean eta bestean daude -Mexikon bezalaxe Londresen, eta New York-en bezala Donostian-. Peso batean saltzen zituzten gripearen aurretik Jackson abeslariak hain famatu egin dituen eta Gobernuak doan agindu zituen estalkiok; ez dira esku guztietara iritsi eta bost pesotan saltzen ari omen dira kale-saltzaileak bide bazterretan. Jarduera hori eragozteko Polizia saltzaileak atxilo hartzen ari da, bai, espaloietan saltzerik ez dagoelako. Merkatu kuota igo diete horrela farmaziei, estalki bera hamabost pesotan saltzen ari diren horiei. Legearen barruan egiten dute horiek «iruzurra».

Itsusia, miserablea da jendearen beldurra eta ezinari probetxua ateratzea, baina ezin hori eragotzi, ezina ezagutzen ez dutenek egindako legeekin. Baina Mexikon ez dira gurean baino bidegabeago, maltzurrago. Azken boladan ugaritu egin dira telebistan dirua «oparitzen» -txakur beltzaren kolorearen gainean galdetzen duenak bihotz onekoa behar du gero!- duten programak. Deitzen dutenentzat ez, dei horiek jaso eta kudeatzen dituztenentzat dira negozio, eta asaldatzen ez diren agintariei ere ez diete kalte egiten; horiek ez dute diru premiarik, Mexikoko agintariek estalkiak hamabost peso ordaintzeko zailtasunik ez duten moduan. Daukanari kentzea baino, ez daukanari iruzur egitea itsusiago dela irakatsi didate niri beti; bazkari ederra egin duenari ogitartekoa eskaintzeak ez duela meriturik. Bistan da, guztiek ez dute lezio bera jaso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo