EHU, larreen kudeaketa egokirako tresna informatikoa garatzen ari da
GARA |
Abeltzaintzaren eta larreen kudeaketaren inguruan erabaki egokiak hartzeko iragarpen-eredu batean oinarritutako tresna informatiko bat garatzen ari da Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde bat. Hala, egoera desberdinen aurrean larreen dinamika nola aldatuko litzatekeen simulatuko luke tresna horrek, eta horrela egoera aurreikusita hartu ahal izango lituzkete erabakiak abeltzainek.
EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikerketa talde bat da iragarpen-eredu batean oinarrituriko tresna informatikoa garatzen ari dena. Tresna berri hori babesguneetako goi-mendiko larreen -interes bereziko komunitate izendapena dute- dinamika aztertzeko erabili nahi dute. «Natura balio handiko guneak dira, baina, balio hori mantendu nahi bada, behar-beharrezkoa da abeltzaintzaren bidez egitea, elkarri erabat lotuta baitaude», nabarmendu zu Arantza Aldezabal ikerketa-buruak.
Ikerketan larreen egoeran eragiten duten faktore desberdinak kontuan hartzeko, alor anitzeko ikertzaile-taldea osatu dute, eta Gorbeia, Aralar eta Kantabriako babesguneetako goi-mendiko larreetan hainbat froga egin dituzte dagoeneko.
Zenbat animalia larreetan
Larratzeak -ganaduak larrean bazkatzea- larreei kalte egiten ote dien jakitea zaila dela dio, baina hori argitzea ere ikerketaren xedeetako bat da.
«Adibidez, ur eskasiarik ez dagoen urte batean aise mantentzen da ganadua. Baina ura falta bada, belarra gehien hazten den garaian, maiatzean eta ekainean, larratzeak larrearen ekoizpen-ahalmena kaltetu egiten du», esan du Aldezabalek.
Hori hala izanda, larratzeak kudeatzeko argibideak emango ditu iragarpen-eredu berriak, eta «gutxienez hilabete lehenago ikusiko dugu uda ona ala txarra izango den, arazorik egongo den ala ez». Horrela, larreetara eraman daitekeen animalia kopurua kalkulatu ahal izango da.