GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Herri Urratsen 2009ko edizioa «berri emaile» izango dela dio Seaskak

Maiatzaren 10ean ospatuko da aurten Herri Urratsen 26. edizioa. Ekitaldiaren garrantzia goraipatu zuen Seaskak, frantses Ministerioarekin hitzordua baitute horren karietara, eta bertan emango dute horren berri.

p017_f02_96970.jpg

Ainize BUTRON |

«Haizea alde baita» Herri Urratsen 26. edizioko leloak inoiz baino «zentzu handiagoa» daukala nabarmendu zuen atzo Paskal Indo Seaskako lehendakariak, maiatzaren 10ean Senperen izango den gertakariaren aurkezpenean.

«Herri Urrats Ikastolendako garrantzitsua da, baina badirudi hautetsi eta egiturentzako ere hala dela», goraipatu zuen lehendakariak. Horretan, 2009 «urte berezia» zela argitu zuen. Izan ere, Seaskak 40. urteurrena ospatzeaz gain, Herri Urratsen karietara instituzioekiko harremanetan «gauzak desblokeatu» zirela jakinarazi zuen.

«Azkenean Ministerioak hitzordua eman digu, eta badirudi guretzako oinarri onargarriak agertzen dituen testu definitiboa onartua izan dela», argitu zuen Paskal Indok. Aurtengo edizioa «berri-emaile» izango da beraz, Seaskarentzat.

Horrenbestez, egoera aukeratua izan den leloarekin alderatu zuen Indok: «Urte zailak pasako ditugu gure azpiegiturak ordaintzeko. Herri Urrats diru iturri nagusi bat izan da. Beraz, haizea alde izan beharko dugu euskara salbatzeko».

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Ikastolen festa maiatzaren 10ean ospatuko da, beraz. Eta, aurtengoa «edizio berezi» bat izango zela nabarmendu zuten. Senperek orain arteko irudi berdina agertuko badu ere, animazioen aldetik izango da berezitasunik.

Kontzertuei dagokionez, Euskal Herriko musika, dantza eta kantu taldeei eman nahi izan diete garrantzia. Alde horretatik, egitarau «anitza eta aberatsa» prestatu dute Herri Urrats egunerako, eta, besteak beste, Sagarroi, Neguli Gorriak, Willis Drummond edo Piarres taldeak izango dira taula gainean.

«Guneka nahasi ditugu estiloak. Herri Urratsera inguratuko direnek edozein momentutan estilo ezberdinak preziatzeko aukera ukan dezaten. Edozein gunetan entzun eta ikusten ahalko da dantza, rocka, pop edo kantua», argitu zuten Herri Urrats elkarteko kideek.

Kale animazioak ere bultzatu dituzte aurten antolatzaileek. Urtero entzuten diren txarangekin batera, han eta hemen kaleko zirku emanaldiak, dantza ikusgarriak, bertsolari edo txalapartariak izango dira. Beste berrikuntzen artean haurrentzako animazioei eman nahi izan dieten garrantzia dago. Umeentzat animazioak hiru gunetan zabalduko dira. Eta, Zuberoa deitu gunean animazio intimistak izango dira: Lodikroko ikusgarria, Dejabu Panpin laborategia edo Xan Errotabehere ipuin-kontalaria.

Bidarteko ikastola

Egitarauaren aurkezpenarekin, aurtengo edizioaren etekinak zertara bideratuko dituzten argitu zuten antolatzaileek. Bi ikastolentzat baliatuko dira, hain zuzen ere. Diruaren parte bat Bidarteko Ikastola berria eraikitzeko izango da. Herri horretako familia batek eskainitako lur eremu batean egingo da ikastola berria.

Beste partea, berriz, Ortzaizeko ikastola eraberritzeko baliatuko da. Sortu zelarik, Ikastola 40 haurrentzat eraikia izan zen, gaur egunean egoitzak laurogei bat ikasle biltzen ditu. «Ortzaizeren ondotik, lehen mailako ikastolen berritze lanak bukatuak izango dira. Ondoko urteetan lizeo eta kolegioen eraberritze lanak hasten ahalko ditugu», goraipatu zuen, azkenik, Paskal Indo lehendakariak.

Musika aipagai

Alurr dantzariak, Damba rock, pop, folk elektroniko taldea, Sagarroi, Watson, Willis Drummond edota The Sparteens Ye Ye musika taldeak izango dira Herri Urratsen. Taula gainean estilo anitzak nahasiko dira.

Biodegradagarriak

Jateko guneetan azukre-kanabera zuntzez eginiko plater eta edalontziak erabiliko dituzte, Bizi Garbia-rekin daramaten elkarlanari esker. Herri Urratsen horrelako materiala baliatzen duten lehen aldia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo