GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Asteburu luzeko festan, Bidasoan Euskaraz-ek gastronomia, musika eta kirola uztartuko ditu

Idoia ERASO |

Maiatzaren 1, 2 eta 3an ospatuko da aurten Bidasoan Euskaraz Urruñako Pausu auzoan. Berttoli elkarteak, Antxeta Irratiak eta Xaia tabernak antolatzen duten ekimen honek musika, kirola, gastronomia eta besta elkartuko ditu. «Eskualde osoa biltzen duen besta herrikoia eta euskalduna izatea nahi dugu», adierazi zuen Antxeta Irratiko Maia Muruagak.

Kantu afari batek emango dio hasiera ekitaldiari. Xaia tabernan Kuxkuxtu txarangak atera berria duen bigarren diskoaren aurkezpena egingo du. Maiatzaren 2an ardo dastatzea eta pintxo lehiaketa animatua izango dira. Ipar-Hegoa elkartearen laguntzarekin Euskal Herriko ardoak ezagutzeko parada eskainiko da. «Inguru honetan beti sagardo dastatzea egiten da, eta ardoa ezagutzeko, ordea, aukera gutxi izaten da», azaldu zuen Muruagak. Lurralde ugaritako ardoak izango dira Pausun, besteak beste Irulegi, Nafarroa eta Getariako Txakolina eskainiko dizkiete bisitariei. Nahi bezain beste arno dastatzeko aukera izango da bost euroko basoa erosita.

Igandea kirolari eskainitako eguna izango da, pala txapelketaren finalarekin. Gero eta jende gehiago biltzen duen txapelketa mutxikoekin eta bazkari herrikoiarekin bukatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo