Xabier Iragorri eta Maribi Ugarteburu Alkate ohiak
Udalbiltza, sei urte bahiturik
Ehunka udal eledunen borondate legitimoaz eta demokratikoaz sortutako instituzioa kriminalizatzen ari dira. Euskal Herria subjektu gisa egituratu eta indartzeko sortu zen instituzioa
Apirilaren 29an sei urte beteko dira Polizia espainiarrak Udalbiltzak Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu zirenetik eta Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak instituzio nazionalaren jarduera etetea erabaki zuenetik. Herri oinarria duen instituzioa, demokratikoki sufragio unibertsalez hautaturiko alkate, hautetsi eta udalez osaturiko instituzioa. Hamahiru herri ordezkari eta langile espetxeratu zituzten denbora luzez, hainbat esparrutan egindako lanagatik.
Atzean geratzen zen lau urtez jorratutako ibilbide aberatsa. Horren erakusle dira hamaika egitasmo arlo ezberdinetan landuak, hala nola kultura, hizkuntza-eskubideak, hezkuntza, garapen ekonomikoa, estaturik gabeko herrien arteko harremanak, Euskal Herriko Nazio-Aitormena, elkarrizketen lanaren emaitza izan zen «Euskal Herria Demokrazia eta Bakeranzko Bidean» agiria, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren sorrera, Zuberoa Garatzen ekimena, Euskal Herriaren Eskubideen Karta, Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzia eta beste hainbat ekimen. 1999an Euskalduna Jauregian eginiko Asanblada Sortzailean finkatu ziren bost helburuen gauzatzea dira ekimen hauek. Sentsibilitate politiko ezberdinek 2000n adosturiko Kudeaketa Planean jasotzen ziren ekimen hauek. Eta hauen berri eman zitzaien «UdalHitza» aldizkariaren bitartez Euskal Herriko udal guztietako hautetsi orori. Guzti-guztiei.
Horrelakoxe ekimenak soilik dira bai fiskalaren bai Dignidad y Justicia elkartearen salaketa idatzietan jasotzen direnak. Gure herriko gizarte eragile eta instituzioek arrunki aurrera ateratzen dituzten egitasmoen gisakoak. Eta jarduera hauengatik soilik, hamar urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen dituzte; kasu batzuetan erailketari dagokion zigorra gainditzen dutenak ere bai.
Diru publikoaren erabilpen bidegabeagatik bost eta zortzi urteko espetxe zigor gehitua eskatzen dute, eta salaketa hau honako diru mugimenduetan oinarritzen da: Euskal Herrirako meteorologia zerbitzua sortzeko kontratazioa, «Pika» haur-aldizkariari diru-laguntza, Euskal Herriko Estatistika-Zerbitzua sortzeko kontratazioa, Bernard Etxepare Lizeoari diru laguntza, Arrosa irrati-egitasmoari diru laguntza, Zuberoako garapen egitasmoa eta ... kito! Ez dago besterik. Auskalo zenbat udal edota foru-aldundik, kolore politiko ezberdinetakoak, babestu dituen egitasmo hauexek berak! Bide batez, ezkutatu egiten da Udalbiltzaren aurrekontuak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen zirela.
Auzitegi Nazionaleko fiskalak «Egunkaria»ren aurkako sumarioa artxibatzea eskatzen duen idatzia irakurtzea oso argigarria da. Idatzi bera, eta argudio gehiagorekin, erabil zezakeen Udalbiltzaren aurkako sumarioa ixteko, baita lehenago erakunde politiko eta sozialen aurka bideratu diren sumarioetan absoluzioak eskatzeko ere.
Gogora ekarri nahi dugu Martin Scheinin, Terrorismoaren aurkako Borrokan Giza Eskubideak eta Oinarrizko Eskubideak sustatu eta babesteko NBEren txostengileak, Auzitegi Nazionalean bideratzen ari diren sumarioak direla-eta eginiko adierazpenetan, «herritarren aurka oro har buruturiko indarkeria ekintza larriekin zerikusirik eta nahikoa harremanik ez duten gero eta jarduera gehiagori pixkanaka-pixkanaka terrorismo izaera leporatzearen arriskua» aipatu izana. «Bide horretatik, eskubide asko urratzeko arriskua sortzen da». (Europa Press, 2008-05-14). Gainera, berriki Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Batzordeak Estatu espainiarrari «terrorismoa era murritzagoan definitzea» eskatu dio (CCPR/C/ESP/CO/5/ 2008ko urriaren 27an).
«Dena ETA da» tesia eraikitzeko erabiltzen diren artifiziozko argudioez gain, nahita ahazten da Udalbiltza herri honetako hautetsien gehiengo anitzak babestu zuela, eta udalez eta zinegotziz soilik osatua izateak erakunde honi izaera instituzional eta demokratikoa ematen diola.
Arazo pertsonaletatik haratago, sakonera demokratiko handiagoa duen kezka dago. Ehunka udal eledunen borondate legitimoaz eta demokratikoaz sortutako instituzioa kriminalizatzen ari dira. Euskal Herria subjektu gisa egituratu eta indartzeko sortu zen instituzioa.
Orain kriminalizatu eta legez kanpo utzi nahi dena, 2006an Loiolako elkarrizketetan aztertu eta onartu zuten solaskide guztiek. Paragrafo honetan irudikatu zen: «Gaur egungo errealitate instituzionala kontuan hartuta eta herri borondatearen onarpenaren arabera, konpromisoa hartzen dugu edozein arlo instituzionaletan demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko». Paragrafo bera Gasteizko Legebiltzarrean EAJ, EHAK, EA eta EBren botoekin onarturiko ez legezko proposamenean jasotzen da. Baina bi urte lehenago defendatu zuen PSOEk, aurka bozkatu zuen. PSOEk aro modernoko lehen euskal instituzio nazionalaren kriminalizatzea eta legez kanporatzea bultzatuko duen beldur gara, beraz.
Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da subiranotasun ariketa praktikoak egitea, defendatuz eta errespetaraziz Udalbiltza Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrean gorpuzturiko borondate demokratikoa.