GARA > Idatzia > > Ekonomia

«Aparteko egoerak aparteko M-1» eskatzen du, sindikatuen esanetan

«Aparteko egoerak aparteko Maiatzaren 1a» eskatzen duela nabarmenduta, urte hasieratik dinamika bateratuan diharduten zortzi sindikatu nagusiek igandean Baionan, Hendaian eta Maulen mobilizatzera dei egin zuten. LABek Baionakoan parte hartuko du eta Zuberoako hiriburuan 12.00etan elkarretaratze berezia egingo du. Ezker abertzaleak, berriz, «aldaketa soziala eta ekonomikoaz gain, esparru politiko berriaren» aldarrikapena kaleratzera deitu du.

p025_f01_148x100.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Hamar puntuko eskakizun-zerrendan oinarriturik, urte hasieratik dinamika bateratuan diharduten zortzi sindikatu nagusiek -CFDT, CFE-CGC, CFTC, CGT, FO, FU, Solidaires, UNSA- ildo horri eutsiko diote Maiatzaren 1ean ere Ipar Euskal Herrian.

Sindikatu horietako hiru ordezkarik, atzo, Baionan egindako agerraldian, «aparteko egoerak aparteko Maiatzaren 1a» eskatzen duela adierazi zuten. Eta Baionan (Saint Ursule plazan) 10.00etan, Maulen 10.30ean (Hiri gaineko plazan) eta Hendaian 11.00etan (Herriko Etxeko plazan) izango diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzera deitu zuten.

Gobernu frantsesak krisi egoerari aurre egiteko eremu sozialean «neurritxo» batzuk besterik ez dituela iragarri -«oraindik egiaz gauzatu ez direnak, gainera»- nabarmendu zuten. Enpleguari eusteko, eroste ahalmena hobetzeko, babes soziala edota zerbitzu publikoak bermatzeko eta ekonomia berrabiarazteko ez duela «erantzun estrukturalarik» eman salatu zuten. «Okerrago, gutxieneko soldataren igoera ñimiñoenari ateak itxi, eta orain igandeko lana bideratzeko kajoian zuten lege-proiektua berpiztu du», esan zuen CGTko ordezkari Alain Duzertek.

Ugazabek, bien bitartean, «krisiaren muinean» dauden gaiez, hots, enpleguaz, aberastasunaren banaketaz, akziodunen botereaz, ez dute negoziatu nahi.

Horiek horrela, «ahots bateratuarekin» langileen eskakizunak karrikan entzunaraztera dei egin zieten langile, langabe eta erretiratu guztiei.

LABek multzo berezia

Ohi bezala, deialdi bateratutik kanpo utzitako LAB sindikatuaren ustez, «justiziarik, etikarik eta moralik ez duen sistema kapitalistari aurre egiteko, langileen batasuna gero eta beharrezkoagoa da». Baionako manifestazioan parte hartuko dute, baina hitzordu berezia jarri dute beren afiliatu eta gogaideentzat Place du Réduit-en biltzeko mobilizazioari ekin aitzin. Bukaeran, mezu propioa irakurriko dute, eta, horren bidez, «bestelako jendartea posible» dela aldarrikatu eta «gobernuaren eta nagusien nahikerien aitzinean» Antilletan egin duten moduan, gizarte-eragile guztiak mobilizatzeko beharra nabarmenduko dute.

Manifestazioa amaitutakoan, zintzur bustitzea izango da eta Tonneliers karrikan bazkaria egingo dute. Maulen ere elkarretaratzea deitu dute, Gurutze Zurian, eguerdiko hamabietan. Aurten, Solidaires, Zuberoako Ekintza Taldeak eta ELB ere batu dira hitzordura.

Hain zuzen ere, «lurraren langile» izaki, eta beraiek ere «sistema kapitalistaren ondorioak» pairatzen dituzten heinean, «langileen arrangurak partekatu eta mundu justuagoaren» eskakizunekin bat egin du laborarien sindikatuak.

Aldaketa soziala eta politikoa

Ezker abertzalearen izenean, berriz, Txelui Morenok eta Miren Legorburuk dei berezia egin zieten atzo, Donostian, euskal langileei «egungo eredu sozial eta ekonomikoa bideratzeko esparru politiko berri baten alde indarrak metatzera».

Egungo krisi egoerak «aldaketa soziala ezinbestekoa» dela agerian uzten duela gaineratu zuten: «Beste behin ere, langileoi ordainarazi nahi digute diruzalekeria aseezina duten bakan batzuek eragindako krisia».

Horrez gain, «indarrean dagoen Konstituzioak langileen eskubideak ukatu eta urratzen» dituela gehitu, eta egoerari buelta emateko, «esparru demokratiko berria, subiranotasuna» eraikitzea bide bakartzat jo zuten. Ildo horretan, Maiatzaren 1ean, bai eta 21eko greba egunean ere, «aldaketa sozial eta ekonomikoaz gain, aldaketa politikoa aldarrikatzera» dei egin zuten.

HARRITUTA

ELBk «harridura» azaldu du, azken hamar urteetan Mauleko elkarretaratzean izan delarik, aurten «deialdi bateratua» egin duten sindikatuek gonbidatu ez dutelako. Hortaz, LAB, Solidaires eta ZETekin mobilizatuko da, 12.00etan, Gurutze Zurian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo