GARA > Idatzia > > Kultura

«Katrina» urakanarekin Bushen gobernuak izan zuen jarrera auzitan, «Trouble de water»en

Tia Lessinek eta Carl Dealek zuzendu «Trouble the water» dokumentalak «Katrina» urakanak erasotako New Orleanseko biztanle xumeenekiko George Bushen gobernuak erakutsitako utzikeria salatzen du.

p042_f01_097x140.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Mundu osoko telebista eta irratietan gertuko jarraipena egin zitzaion arren, «Katrina» urakanak uste baino kalte gehiago eragin zituen New Orleanseko eta Louisianako biztanleengan. Hondamendi natural hura heriotza guztien errudun egin bazen ere, Tia Lessinek eta Carl Dealek zuzendu dokumentalak ezkutuko informazioak azaleratzen ditu. Michael Moorek burutu zituen «Farenheit 9/11» eta «Bowling for Columbine» lan kritikoak ekoiztu ostean, «Katrina»ren etorrerarekin Lessin eta Deal bera izan ziren zuzenean kamera lepo gainean jarri eta dokumentala egin zutenak.

Hasiera batean Iraketik AEBetara laguntza-lanetara itzuli ziren soldaduen gaineko lana egitea zen haien helburua, baina Gurutze Gorriaren gune batean Kimberly Roberts eta bere senarrarekin topo egin zuten. Dokumentalaren zentzua erabat aldatu zen han. Bikotea New Orleanseko auzo xume batean bizi zen, eta urakanaren aurretik ez zuen bertatik alde egiteko aukerarik izan, dirurik ezean, Gobernuak ez baitzuen baliabiderik jarri lekua hutsarazteko. Robertsek, beraz, ekaitza iritsi aurreko eta ondorengo irudiak filmatu zituen erosi berri zuen kamerarekin.

Laguntzarik gabe

Milaka izan ziren New Orleans atzean uzteko baliabiderik izan ez zutenak eta bertan harrapatuta geratu zirenak; gehienak beltzak. Asko hil ziren, eta beste milaka lagunek George Bushen gobernuaren zatarkeria jasan zuten, egoeraren larritasunaren gainetik. Dealen arabera, «Trouble the water» lanaren helburua «ikuslea emoziozko bidaia batean» murgiltzea da eta hedabideek ematen duten informazioa gezurtatzea, biztanleen diskurtsoa aldatzeko.

Kimberly Robertsek «Katrina»ren etorrera baino bi aste lehenago erositako kamera batekin 15 minutu filmatu zituen, eta material hura izan da urakanaren etorreraren eta, are gehiago, egoerarik larrienean auzotarrek beraien artean izan zuten eskuzabaltasunaren lekuko. Zuzendarien iduriko, pertsona horiek «adorearen, bizirautearen eta karismaren eredu» dira eta gizarte beltza biktimen komunitate gisa islatu bazen ere, «guretzat heroiak izan ziren, eta traba guztiak gainditzeko gai direla erakutsi zuten». 2008an Sundanceko jaialdian sari nagusia jaso zuen dokumentala aurtengo Oscar sarietarako ere izendatua izan zen eta gaur arratsaldean izango da ikusgai Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan, Victoria Eugenia Antzokian. Jaialdiak azken eguna izango du bihar eta Fermin Muguruzak zuzendutako «Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina» filma izango da amaiera emango dion lana. Emanaldiaren ostean, Muguruzak eta Palestinako musikari talde batek kontzertua eskainiko dute Gazteszenan.

Afari-kontzertu palestinarra Donostian

Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan, Amal Murkus musikari palestinarrak afari-kontzertu bat eskainiko du gaur Morgan jatetxean, 20.30ean. Fermin Muguruzaren amaiera kontzertuan parte hartuko duen musikaria, Mediterraneoko esperientzia desberdinak nahasten dituen estilo postmodernoaren aitzindaritzat jotzen da.

Haren abestiek folklore palestinar eta arabiar ondarean hartzen dute oinarrian, pop elementuez nahasturik eta, gainera, arabiar-palestinar kulturak sufritzen duen bazterketaren kontrako borroka adierazten dute. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo