Sarrionandiaren itzulpen bat eta Mendigurenen azken liburua aurkeztu dituzte
GARA | DONOSTIA
Elkar argitaletxeak Joseba Sarrionandiak eta Xabier Mendigurenek egin dituzten azken lanak aurkeztu zituen atzo. Lehenengoak, Dolf Verroenek idatzitako «Neure neure esklaboa» euskaratu du. Istorio guztiz berezia Verroen holandarrak esklabotzari buruz kontatzen duena: Mariak 12 urte bete dituen egunean, opari berezia egiten diote bere gurasoek; esklabo bat erosten diote berarentzat.
Elkarreko kideek adierazi zutenez, poema moduan idatzitako testu labur hauek sujerentzia ahalmen izugarria dute, salaketatik harago, balio literarioa ematen diotenak liburuari.
Dolf Verroen 1928an jaio zen Delften. Idazle, kritikari eta itzultzailea, haur eta gazteentzako liburu ugari egin ditu. 2006an idatzi zuen esklabotzaren inguruko istorio eder bezain krudel hori. Sentimentalismotik eta topikoetatik urruntzen da eta, hala ere, izugarrizko indarra lortzen du. Horri esker sari ugari irabazi zituen Alemanian nahiz Herbehereetan, eta hainbat hizkuntzatara itzulia izan da.
Lotiak
Xabier Mendigurenek, bestalde, «Itsasoko loti ederra» aurkeztu zuen Donostian. Istoriorik ederrenen magia berreskuratu nahian, loti ederraren ipuina hartu eta bere kasa kontatu du idazle eta editore horrek.
Pertsonaia eta egoera berriak asmatuz, giro berrietan kokatuz (palaziotik arrantzale eta artzain artera), eta idazten ari denari buruz iratxo adarjotzaile batekin eztabaidatuz josi ditu liburuaren gorabehera ugariak. Hala, umorez eta liluraz hornitutako liburua ondu du, haur nahiz helduentzat egokia, betiko gogoratzen diren kontakizunen altxorrera igarotzeko modukoa.
Mendigurenek (Beasain, 1964), besteak beste, honako liburuak idatzi ditu: «Estitxuk pirata izan nahi du», «Ezin da ipuinik asmatu ala?», «Miss txatarra», «Harrika», «Patakon», «Irakasle alu bat», «Obsexuen kluba» edo «Txakurraren alaba».