Eguzkik Txabarriren asmoak salatu eta Jaizkibel babesteko galdegin du
GARA |
Jaizkibel mendia Europako Natura 2000 sarearen barruan dagoela eta antolamendu plan guztiek babestutako natur eremua dela diotela gogorarazi dio Eguzki talde ekologistak Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Joxe Joan Gonzalez de Txabarriri.
Joan den astean egindako agerraldian, Pasaian eraiki nahi duten kanpoko kaia zer-nolakoa izango den azaltzen zuen bideoa aurkeztuz, proiektuaren nondik norakoak argitu zituen Gonzalez de Txabarrik. Une horretan, Estatu espainoleko Ingurumen Ministerioaren erantzunaren zain zeudela esan zuen, eta epea joan den astean bertan bukatu zela salatu zuen presidenteak. Ingurumen Ministerioak, ordea, Pasaiako Portuak helarazi behar zizkion dokumentuak falta zirela-eta, epe hori eten egin zuela argitu zuen ondoren, eta hortaz, dokumentu horiek eskuratutakoan egingo duela proiektuaren gaineko balorazioa.
Eguzkik gogor salatu du Gonzalez de Txabarriren jarrera eta gogora ekarri du Europa osoko inguru basatirik eta itsasertzik zainduenak aurki daitezkeela Jaizkibelen. Horiek horrela, kanpoko portuaren eraikuntza «aldrebeskeriatzat» jo du.
Europako erakundeei deia
Europa mailan, zein nazioarte mailan Jaizkibel mendiak eta bertako kostaldeak duen garrantzia dela-eta, Eguzkik dei berezia egin die Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Orokorrari, Europako Parlamentuari, eta Europako Justizia Auzitegiari, gai honetan parte hartu eta «behin betikoz» Jaizkibelen eraiki nahi den kanpoko portua geldi dezaten.